"Ekonomia" eta "elkartasuna" hitzak, gure solasaldietan ohikoak badira ere, bi diskurtso bereziren zati dira biak. Ekonomiaz hitz egiten dugunean honako gai hauen inguruan ari gara: merkatua, gabezia, interesak, lehiakortasuna, irabaziak... Aitzitik, elkartasuna kontu teorikoagoetan sartzen da: partekatutako arazoei aurre egitea, pobreekiko borondate ona edo eskuzabaltasuna.Gainera, gizartea garatzeko prozesuaren barnean, lehenbizi ekonomiaren garaia egonen litzateke, hots, ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi eta banatzekoa. Behin ekoitzita eta banatuta, elkartasunaren unea litzateke, ekonomiaren eraginez bazterrean gelditu eta behar handienak dituztenei laguntzeko, haiekin partekatuz dena. Elkartasuna hasiko litzateke ekonomiak bere lana eta eginkizun espezifikoa bukatu duenean. Elkartasuna jarduera ekonomikoaren emaitzekin eginen litzateke - produktuak, baliabideak, ondasunak eta zerbitzuak - , baina ez lirateke elkartasunezkoak izanen jarduera ekonomikoa bera, bere egiturak eta prozesuak. Elkartasuna gauzatzea ekonomiaren akatsak zuzentzeko modu bat litzateke, berak sortutako hutsuneak betetzekoa, edota ekonomiak gainditzen asmatu ez dituen arazoak konpontzekoa.Baina merkatuaren egungo kontzeptuak erabiliz, askoz eraginkorragoa litzateke ekonomiak berak sortzen dituen arazoak konpontzea elkartasuna ziklo ekonomikoaren faseetan sartuz, hau da, ekoizpenean, zirkulazioan, kontsumoan eta metaketan. Alegia, elkartasunak sistema zuzentzen badu, izan dadila sistema bera elkartasuna.