MENDI IRTEERAK; TRIKUHARRIEN IBILBIDEAK

Aintzane Garziandia 2010ko uzt. 30a, 00:00

Sakanan bertan mendi irteerak egiteko hainbat aukera ditugu; San Donato, Aralar, trikuharrien ibilbide ezberdinak... Jarraian, Etxarriko trikuharrien ibilbideari buruzko zenbait argibide eman nahiko nituzke.Bertan bi ibilbide aurki ditzakegu: ibilbide luzea eta, bestea, motza. Bietatik ibilbiderik luzeenak 15 kilometro ditu, 3 ordu eta 30 minutuko iraupenarekin, betiere ibiltariaren prestakuntza fisikoaren arabera. Egun osorako ibilbidea izatea gomendatzen da: goizean abiatu eta mendian bertan bazkaldu. Ibilbidean zehar hamar trikuharri ikus daitezke, trikuharrien ondoan informazio panelak daude, eta bertan trikuharrien azalpenak ematen dira (inguruari buruzko argibideak, historiari buruzko zenbait azalpen...).Beste ibilbidea laburragoa da, 9,7 kilometroko luzera du eta 2 ordutan egin daiteke. Egun erdian egiteko oso aproposa da, ibilbide luzea osatzen duten 10 trikuharrietatik 2 ikus daitezke ibilbide honetan. Izan ere, ibilbide honen zati bat eta PR NA 133 ibilbidearen zati bat komunak dira. Ibilbide hau adin guztietako jendeak egin dezake, hasiera gogorra izan daitekeen arren bidea ez baita oso luzea.    Etxarriko trikuharrien ibilbide horietaz gain, badira beste trikuharri batzuk ikustera joateko daramaten bideak ere. Adibidez, Madotz eta Iribasko inguruetara eramaten duena, eta Uharte Arakil eta Aralarko santutegia lotzen dituen errepidetik abiatzen den ibilbide bat ere.Horrenbestez, mendi irteera ezberdinak egiteko proposamen ugari ditugu Sakanako mendietan zehar. Ibilbide desberdinak egiteaz gain, historia pixka bat ezagutzen laguntzen diguten bideak ere badauzkagu eta.