Ez dut gogoratzen liburuaren izenburua, ez eta aipatuko dudan pasarteaz mintzo zen orrialdea ere. Badakit idazlea Mumia Abu Jamal zela eta liburua Moira Millan maputxeak utzi zidala Patagoniako hotzaz babesten ginen gau batean. Liburu hartatik, ordea, pasarte hori dut soilik gogoan, Mumiak AEBko goi seguritateko espetxe batean izandako bizipena deskribatzen duenekoa.Pentsa egoera: urteak eta urteak lau pareta zure arnasaren testigu bakarrak direla. Pasabide gorretan katez loturiko pausoek apurtzen dute isiltasuna; kateek, eta askatasuna itotzeko ustez gaitasuna duten giltzek. "Ustez" diot, espetxeek ez dakitelako Askatasunaren giltza norberak daukala, eta lau pareten artean aske sentitu daitekeela bat; libre izanik preso egon daitekeen bezala beste bat.Makina bat urte daramatza Mumiak etengabe ixten diren ateen biktima izaten. Espetxeek inposaturiko bakardadera behartua, zigortua.Bakardadea, isolamendua, inkomunikazioa dira espetxeen arma bortitzenak, gizakiaren behar nagusienetakoa mintzen dutelako: bestearen beharra.AEBko espetxe "seguru"-enean, ordea, ate itxi, kamara eta kontrol guztiak gainditzea lortu zuen lagun bat sartu zitzaion Mumiari zeldan, bakardade zigorra apurtuz.Mumiak egunero egiten zion so lagun berriari, haren mugimendu eta joan-etorriei. Armiarma bat zen, lau pareta haien barruan bere etxea eraikitzea erabaki zuen armiarma. Eta animalia hark, jakin gabe, segurtasun sistema oso bati iseka egin zion; gizakiak gizakiari inposaturiko bakardadearekin, ate itxiekin eta monotoniarekin haustea lortu zuelako. Bere txikitasunean handi izanik, kateak apurtu zituelako.