Iritsi zaigu berriz iraila. Sasoi nahasi kuttun gurea. Egunak luze samarrak dira oraino eta ilunabar pindartsuak miresten ditugu gozamenez udazkenaren atarian.Gehienak badatoz (GUAIXE besteak beste) gutxi batzuk badoaz azken opor apurrak etxetik kanpo emate aldera, ostiraleroko tabernaz-tabernakoa bere hartara itzultzen da eta basoak gorrailtzen hasiko zaizkigu, zizazaleak urrizizak amets.Ikas eta lan urtea atzera berriz badatozkigu, kurtso politikoa ere bai, betiko ardurak eta jardun berriak batera helduko dira eta nagiak astintzeko eta bizinahia zirikatzeko atorra gozoa erosiko dugu. Eguneroko gurpilak bere menpe hartuko gaitu, beraz, eta kasuan kasu kulunkatuko gaitu eztiki, axolagabe ibiliko gaitu edo maltzurki zorabiatuko.Idatzi gabeko orri gabeko beste orri zuri baten edo mustu gabeko karpeta baten aurrean gaude ira, mahats eta lasto arteko egunotan. Eguna murriztuz doa baina naturak haragikoi luzatzen digu gonbitea bere zokoetan edertasuna bila dezagun.Beste gonbite bat AGAk proposatu zigun uztaileko Maragatoian : Futbolkraziari egurra ! Hauxe aldarri iraultzailea, pentsatu nuen. Iraultzailea bezain ausarta. Bat egiten dut proposamenarekin. Lehen ere futbolak zekarren soka luzea bazen azken urteotan hedabideek eman dioten botereak ez du mugarik eta futbolmenpekotasuna goraka doa etengabe gure jendartean. Lagun batek halaxe bota zidan behin : futbolik ezean, zertaz mintzatuko gara ? Eta nik : Einnnn ????Erantzuna gure sormenean dago, bizitzak eskaintzen dituen aukerak hain dira ugariak ! Geroz, astin ditzagun gogoa eta bihotza, soina eta gorputza ! Horni ditzagun harremanez etxea, kalea eta basoa ! Eta oroit : futbolkraziari egurra !!!