Tabakoaren kontrako lege berria hemendik 4 hilabetera jarriko da indarrean, eta gizartearen hainbat lagun kezkaturik agertzen dira.Erretzaileok, zuek guztiok bezala, zinez aitortu behar dugu eskergarria eta onesgarria dela kerik gabeko edozein toki, eremutara sartzen garenean. Besterik ez dugu ikusi behar autopistetako zerbitzu guneetan gelditzen bagara, zer nolako usaina, kea, aire zikina baita txoko desatsegina ere den erretzaileentzat gorderik duten tokia, eta tabernan edo kerik gabeko gunean, berriz, zer gustura egoten den.Garai ez oso urrun batean autobusetan ere erretzen zen, eta jende askori ez zitzaion batere gustatzen, batez ere aurrean zegoenak purua erretzen bazuen.Zuek guztiok bezala, ni ere ados nago alde horretatik irabazi dugula eta osasungarriagoak direla kerik gabeko eremuak.Ados. Baina kasu eta egoera guztiak ez dira berdinak, eta ez didazue ukatuko festa, ospakizun edo jaiegun batean zigarro bat erretzea gozamen bat dela, eta ekintza hau ohitura zaharra dela. Ene ustean mutur batetik bestera pasatu gara, erretzaileek tabakoa edonon eta noiznahi erretzetik orain toki guztietan erretzea debekatzera, alegia.Horregatik, ados ez nago egin den prozedurarekin edo jarraitzen ari denarekin.Dudan inpresioa da gobernuak oso modu paternalistan jokatzen duela, orain denok babestu nahi baikaitu: erretzaileak ez direnak, zaharrak, umeak, erretzaileak berak... denon osasuna haren erronkarik handiena bailitzan.Eta zer gertatzen da tabakoaren salmentarekin? Zenbat irabazten du gobernuak tabakoarekin? Egindako ikerketa batzuen arabera, osasun kostuak (ospitaleko kostuak, ospitaletik kanpokoak, botikak eta tabakoaren ondorioz suertatzen diren lan kostuak edo pentsioak) hamar aldiz handiagoak dira gobernuak tabakoaren kontsumotik irabazten duena baino. Orduan, zer dela eta segitzen du tabakoa saltzen?Harritzen nauen beste afera bat da gobernuak laguntza ekonomikoak ematen dituela tabakoa kultibatzeagatik, hau ere niretzat kontraesana da, urtarrilean indarrean jarriko den legea ez baitator bat tabakoa lantzearekin.Bukatzeko, jakin liteke zergatik aldatzen den gure ikuspuntua denbora laburrean? Benetan, oso manipulaturik sentitzen naiz.akinlo@euskalerria.org