Ez dagokigu su-etenari buruzko analisi politikoa egitea, baina bai hausnarketa bat presoen etorkizuna ere jokoan dagoelako. Arazo politikoa dago presoen errealitatearen oinarrian, eta gatazka politiko hori konponduz emango zaio irteera presoen egoerari. Aktibo politiko zuzenak izan dira gatazkan, eragile eta ondorio zuzenak behar dute izan irtenbidean ere. Erantzuleei exijitzen diegu eman ditzatela behar diren pausoak arazo politikoa konponduz senide presoak etxean ikusi ahal ditzagun, eta ez gaitzatela presoak eta senideok erabili beraien interesen arabera. Presionatzen ditugun neurrian soilik mugituko dira egoera berri honetan, hor egon behar dugu, hor egonen gara, "presoak etxera" aldarrikatuz.Biktimak sartu ahal izango dira ikasgeletara bere sentipenak agertzera. Zenbait galdera eta burutapen datorkigu gogora: alde bietako biktimek eta aukera berdinekin hitz egin ahal izanen diete haurrei? Behartu egingo dituzte gure haurrak beraien aita ama seme alaba iloba lagun ezagunen aurka esan daitezkeen onenean partzialkeriak entzutera? Nork eta nola ziurtatzen du geletara joanen direnen inpartzialtasuna edo gorrotorik eza? Gure haurrengan izugarrizko traumak sortu ahal dira, gurasoek izango dugu eskubiderik haurrak emanaldi horretara ez bidaltzeko? Haurrek izanen dute gelatik ateratzeko eskubidea ala hori eginez zigorra jasoko dute? Haurren arteko giroa erabat pozoitu daiteke markatuz banatuz, irainduta sentitzen den haur batek modu edo hitz ezegokiz erantzuten badio hizlariari terroristatzat epaitu eta adin txikikoen zentro batetara eramango dute?, irakasleek ze eskubide izanen dute guzti honetan?, etab., etab. Izugarrikeria deritzogu araudi berriari, gure haurren eskubideak daude jokoan, uste dugu Haurren Eskubideen Aldeko Erakundeak eskua sartu behar duela etor daitezkeen bortxaketen aurrean.