Aldaketa badator. Hobe esanda ez dio inoiz etortzeari utzi. Baina orain inoiz baino nabarmenagoa egiten ari da eta gure inguruan usaina eta, senti daiteke. Aldaketa sorrera da; izanetik izatera heltzeko sarrera. Jira bat, berrikuntzaren doinuetan dantzaturiko kalejira. Tira-bira: "tira"-tik "bira"-ra igaro den zubia. Aldaketa: guztia hankaz gora jartzeko ahalmena duen txiribuelta. Orain arte modu batera izan denarentzat, beste izate modu bat opari dakarrena. Suntsituz ezer gutxi sor daiteke, baina sortuz gauza asko suntsi daitezke. Hortxe aldaketa positiboaren funtsa. Eraiki dezagun guk, eraiki gaitezen gu, eta hauxe izango da gure armarik bortitzena. Aldaketa grina susmatzen da gure herrian eta hark dakartza aukerak; bukaerentzat hasierak; ateak irekitzeko eta eskuak estutzeko apustuak; erabakitze eskubidearen aldeko hautuak. Baina badago gauza bere-berean mantendu nahi duenik ere. Izan ere, aldaketak beldurra ematen du; hau sortzeak hura desagertzea suposa dezakeelako. Are gehiago, baten nortasuna bestearen nortasunaren zanpaketan oinarritzen denean. Boterearen logika horretan badu zer esanik hainbatek.Sorrerak haustura bat suposatzen du; norantzaz galdetzen duen ikur bat; galdera ikur bat. Eta agian, momentuko erantzunik ez. Baina galdera airean da (kalean da) entzun nahi duen guztiarentzat. Aldaketa garai baten atarian gaude, jakinik guztia elkarlotua dagoela. Puntu eta aparteetan sinesteari utzi baikenion. Geurea da txanda. Guztiok gara eta behar dugu izan Aldaketa. Badator gurera betidanik gurean egon dena.