"Jaietan ez dago ezer" entzuten da behin eta berriz herrietako jaietan. Bestela, "betikoa dago" edo "hau aspergura". Musika, txaranga, dantzak, umeentzako jolasak, gazteentzako ekintzak, bazkari eta afari herrikoiak, asko edan eta parranda. Benetan, ez dago ezer?Baieztapen hori egiten dutenei beste galdera bat egin behar zaie: "eta zer nahi duzue?" Edozein jaietako egitaraua hartzearakoan ekitaldi berdinak ikusiko ditugu. Sanferminetako egitarauak ere ez ditu inguruko herrietako egitarauetatik ezberdintasun handirik. Hiru aldiz biderkatu behar dira ekitaldiak, hiru aldiz biderkatzen direlako kaleak, plazak eta jendea. Baina eskema berdina da: jan, edan, musika eta parranda. Jai guzti horien atzean, Udala ez ezik, beste hainbat kolektibo, elkarte eta erakunde daude herritar guztientzako ahalik eta festa oparoenak prestatzen. Udalekin eztabaidatu eta borrokatu behar dute aurrekontuak, gehienetan, nahi baino baxuagoak direlako. Halere, gustu guztientzako festak egitea lortzen dute. Herriari kolorea jartzen diote.Benetan ez dago ezer? Edo, dagoena ez zaigu gustatzen? Zerbait dagoenean, horietan parte hartu behar da. Ez bakarrik kalera ateratzen, festak prestatzen direnean eztabaidatzen eta zer nahi den proposatuz. Festari bizitza eman behar zaio. Herritarrek egiten dituzte jaiak. Jaiak... egutegian data bat baino ez da.