Bazen behin jakitun bat jendea bere arazoak kontatzera eta aholku bila joaten zitzaiona. Gizon bati behorrak ihes egin zion eta jakitunarengana negarrez joan zitzaion esanez:- A ze nolako ezbeharra, behorrak ihes egin dit!- Agian bai, agian ez- erantzun zion jakitunak.Gizonak ez zuen ezer ere ulertzen eta bere baitan pentsatu zuen:- "jakitun hau arraro xamarra da, noski txarra dela behorrak aldegin izana!"Aste batzuetara behorra ernari eta hazitarako zaldi batekin azaldu zen. Gizona oso pozik jarri zen eta jakitunarengana joan zen bere poza azaltzera. - Begira zer zortea dudan, hemendik aurrera hiru zaldi izango ditut! Jakitunak erantzun zion:- Agian bai, agian ez.Orduan gizonak jakitun hori ez zela horren jakitun pentsatu zuen, berria benetan ona zela argi zegoelako. Moxala jaio zenean gizonaren semea zaldian ibiltzen hasi zen, behin erori eta hanka hautsi zuen arte. Orduan gizona jakitunarengana joan zen ezbeharra kontatzera:- Zein zorte txarra dudan! eta jakitunaren erantzuna hauxe izan zen:- Agian bai, agian ez.Gizonak jakituna erabat erotu zela pentsatu zuen. Agian behorra itzuli izana ez zen hain ona izan semeak hanka hautsi zuelako, baina bere ustetan semeak hanka hautsi izana ez zen batere ona.Hortik gutxira, alboko herriaren kontrako gerra deklaratu zen eta herri guztietatik pasa ziren gizonak eta gazteak erreklutatzen. Gure gizonaren semea ez zuten gerrara eraman hanka hautsita zeukalako. Orduan gizona jakitunarengana joan behar zenean, une batez pentsatzen gelditu zen. Jakitunaren erantzuna, agian bai agian ez, egokia zela onartu zuen, gertatzen zaizkigun gauzak ez dakizkigulako ziurtasunez hobera edo okerrerako diren. Bizitzan gertakari latzak edo onak gertatzen zaizkigunean poztu, tristetu, haserretu... egiten gara. Gaur egungo krisia dela eta, gertakari txarrak dira gehien ateratzen edo nabarmentzen direnak. Gauza da, gehienetan ez dakigula egoerak benetan zer on edo zer kalte ekarriko digun. Kontakizunean bezala, badira bizitzan hainbat gertakari gogor, oso gaizki senti arazten gaituztenak eta irtenbidea ikusten uzten ez digutenak. Baina baliteke horren ondorioz beste gertakari on bat azaltzea edo eta bizitakoari esker beste egoerei modu egokiago edo irmotasun handiagoarekin erantzuten ikastea eta orduan konturatzen gara agian bai, agian ez bizitakoak zerbaitetarako balio izan duela.