Sakanako Mankomunitateak zorioneko 25 urte bete berri ditu. Txalo bero bat beraz hau posible egin duten mankomunitateko langile, agintari politiko eta sakandar zerga emaile guziei.Gutun honen arrazoia, ordea, bestelakoa da. Mankonunitatearen urtemuga dela eta, argitaratu den aldizkarian nire ahotan okerrak diren hitz batzuk agertzen dira eta hauek zuzentzera begira idazten dizuet. Elkarrizketa horretan, eta garapenerako partzuergoari buruz hitz eginez, hura martxan ez jartzearen arrazoia Cederna-Garalurren oposizioa izen zela esaten omen dut. Bada, hori okerra da, partzuergoa martxan ez jartzearen erabakia politikoen ardura izan baitzen eta ez Cederna-Garalurrena.Legegintzaldia bukatzeko 2 urte falta zirenean, Sakanako Enpresarien Elkartea hainbat eragilerekin bilera erronda bat burutzen ari zen, industriaren krisia hasia zegoela esateko datuak eskuetan baitzituen. Bilera horien ondorioz, Sakana mailan partzuergo bat martxan jartzearen balioa mahaigaineratu zen (mankomunitateetan ez bezala, partzuergoetan gizarte eragileek parte hartzeko eta bozkatzeko eskubidea izaten baitute), eta hori lortzeari begira lan talde bat osatu genuen Altsasuko, Ergoienako, Etxarriko eta Mankomunitateko ordezkari batzuek. Garapen Partzuergoa martxan jartzeko adostasuna erabatekoa izan zen puntu bakar batean izan ezik: garapen agenteen kontratazioa. Altsasuko ordezkariendako ezinbestekoa zen agente horiek Cedernakoak izatea. Ergoienako eta Irurtzungo ordezkariek, ordea, Cedernakoak ez ziren agenteekin lan egiteko aukera nahi zuten. Honen aurrean, partzuergoa martxan jartzea eta agenteen kontratazioa aurrerago negoziatzea proposatu genuen baina Altsasuko ordezkariek uko egin zioten aukera honi eta gaia legegintzaldi honetarako uztea erabaki zuten. Legegintzaldi honetan, ordea, NaBaik Mankomunitatea eskuratu zuen eta partzuergoa txokoratzea erabaki zuen eta horren ordez, Mankomunitatean berean garapen batzorde bat sortzea erabaki.Honekin guziarekin gauzak argiturik gelditu direlakoan barka diezadatela Cederna-Garalurreko ordezkariek. Ongi esanak ongi hartu eta gaizki esanak barkatu.