Vargas Llosa saritu du aurtengoan Nobel Akademia suediarrak.Urteak behar izan ditu Arequipakoak goien gradu hau eskuratzeko eta eskuindar askotxo poztu dira Vargas Llosaren lerro bat bera ere irakurri ez duten arren . Ezaguna da idazle honen ibilbide ideologikoa, gaztaroko keinu ezkertiarretatik, demokristau eta liberalen artean gozo ibiltzera, Aznarren mireslea izateraino. Zer eginen diogu ba, halako orri sorta eder eta zoragarriak ondu baditu urteen poderioz, eta haratx, betiko matraka lagunen artean: batak dio idazten duena idazten duela ez diola pasarterik irakurriko inoiz, are gutxiago libururik erosiko, besteak idazlearen ideologiaren gainetik eleberrien kalitateari begiratu behar zaiola eta La ciudad y los perros edo La tía Julia y el escribidor merezimendu handiko lanak direla, eta ez Ken Follet edo Totirenak bezalako kaxkarkeriak.Dalí, Neruda, Sinatra, V. Wolf, Toltsoi, Boadella, J. Mirande...Sarri askotan harilkatu den polemika, hots, zergatik eskatu behar diegun artistei euren sorkarien bezainbateko maila etiko eta morala. Ezen gauza bat eskultura, sinfonia edo ipuin sorta bat edertasunez eta harmoniaz ezin hornituago egotea eta beste bat sortzaile gizaseme edo emakumea guztiz ondratu, noble eta zintzoa izatea. Anitzetan ez dute bat egin maila biok, ez dute egiten eta ez dute eginen nahiz eta sari-ematearen zeremonietan " bestelako gizabalio eta konpromisoak" aipatu.Bakearen nobel sariak soka luzeagoa ekarri du eta Txinako gobernuak konplotaren eta konspirazioaren teoria patetikoa zabaldu du lau haizetara. Politikan artegintzan ez bezala maila etikoak gutxieneko garaiera bat behar du, edo maila politikoarena baino koska bat gorago.