Garai batean gizakiok nomadak ginen eta elikatzeko ehizatu behar genuen; gaur egun, ordea, ehiza ez da batere beharrezkoa gure gizartean; hala ere, ehiza sasoian tiro-hotsak entzuten ditugu geure mendietan. Orduan, ehiza beharrezkoa ez bada, zergatik ehizatzen dute ehiztariek? Gustatzen zaielako, argi dago. Baina, nire ustez, hilketaz gozatzea gustatzen zaie.Normalean ez nago debekuaren alde, baina ehizari dagokionez ezin dut ulertu XXI. mendean nola duten gustuko animaliak hiltzea pertsona batzuek, eta oraindik ez badira konturatu ehiza basakeria dela, nik ehiza debekatuko nuke.Egia da haragijaleok haragia jaten dugula, baina ez ditugu animaliak hiltzen, eta hiltegietan lan egiten dutenek ez dute hilketez gozatzen. Leku horietatik jateko behar dugunaz hornitzen gaituzte, kalitate-kontrolak gainditu ondoren, noski. Hortaz, janaria lortzeko askoz osasungarriago, seguruago, merkeago eta erosoagoa da supermerkatura joatea.Ehiztariak mendiaz disfrutatzera eta bertan hamaiketakoa hartzera joaten direla maiz entzun dut, baina ez litzateke hobe izango mendi talde batean izena ematea? Mendizaleek naturaz gozatzen dute eta hamaiketakoa ere hartu ohi dute, eta horretarako ez dute animalia bat ere hiltzen. Beste aitzakia bat da ehiztariei punteria lantzea gustatzen zaiela. Punteria lantzea bakarrik gustatzen bazaie, dardotan joka dezakete, edo margoa (demagun ekologikoa dela) erabil dezakete, paintball-en egiten duten bezala, baina punteria lantzeak ez du zertan sarraskirik egin. Eta azkenik, ehiza tradizioa dela diote, baina tradizioak mantenduko bagenitu, erromatarrek egiten zuten moduan, gaur, zirkuko piztietara botako genituzke kristauak. Ez ditut animaliak kristauekin alderatu nahi, baina bai erromatarrek bai ehiztariek uste dute besteak beraienak direla eta haiekin nahi dutena egin dezaketela.Bukatzeko, lehen aipatu dudan bezala, ehiza debekatu beharko genuke, eta ziur nago urrats handia emango genukeela giza-eboluziorantz.