Ditxosozko burbuja inmobiliarioa aspaldian lehertu zitzaigun esku tartean ondo ezagutzen ditugun ondorio larriekin. Baina badirudi berria ez zaiola iritsi gure udaletxeetan dagoen hainbat kargu politikori. Egun hauetan Beriainen edo Oliten horrela dela irakurtzen ari gara. Zoritxarrez horrela da Urdiainen ere. Gure herrian etxe bizitzen eraikuntza geldi dago, ez dagoelako interesaturik etxe berri horietan. Babes publikoko etxeak egiteko lizentziak emanak daude, baina ez dago erosiko dituenik eta bertan behera geratuko dira. Baina Udaletxeak 319 etxebizitza berriren eraikuntza bultzatzeko plan berri bat onartu du maiatzean. 131.500 metro koadro urbanizatu nahi dira, 4 urtetan!! Eta beste 42.000 metro poligono bat egiteko (gure makropoligonoaz gain!!). Inork ez duenez horrelako zerbait finantzatuko, ideia bikaina izan dute Udaletxean: kooperazio sistema erabiliko da. Udaletxeak erabakitzen du eta lurren jabeek ordaintzen dute. Eta ez badute ordaindu nahi, dutena enbargatu eta kitto! (Ikus zer gertatu den adibidez Oliten). Dena herriari ezer esan gabe, herritarren partaidetza eskatu gabe eta azalpenak eskatu nahi izan direnean, eskatu dituztenak deskalifikatuz. Alegazioak aurkeztu genituen ekainean (244 sinadurekin) eta ez dugu oraindik erantzunik. Entzun dugun bakarra da gezurrak besterik ez ditugula bota, planak esaten duena errepikatu bestarik ez badugu egin ere. Edo gauza bat dela legeetan esaten dena eta beste bat egiten dena. Planak gure herriaren konfigurazioa erabat aldatuko du. Hiri handi baten auzoaren eredua hartu eta gainean jartzen digu. Eta tartean errekak badaude, dauden tokitik mugituko ditugu. Eta futbol zelaia badago desagerraraziko dugu. Eta baratzak, ez baidute baliorik, aparkamentu plaza bihurtuko ditugu. Plan txarra da Urdiainendako. Baina hori ez da okerrena. Okerrena da alkateak esan digula ez duela ezertan kontutan izan behar herriak pentsatzen duena. Bera dela interes sozialaren ordezkari bakarra, hautatua izan baitzen orain dela hiru urte pasa... eta hautatua izan denak du erabakitzeko ahalmena. Prest dago eraikuntza enpresekin hitz egiteko, baita lursail handien bizpahiru jaberekin ere...beste guztiokin ez. Zer sistema politiko da hau? Demokrazia ez. Garai zailak bizi ditugu eta luze joango direla dirudi. Geurea dena defendatzen ikasi beharko dugu, geure etorkizuna geuk erabakitzen. Urdiainen gertatuko dena, plan honek aurrera egiten badu, baliabide ekonomikoen transferentzia hutsa izango da: gutxi dutenek (herritarrek) galduko dute duten hori eta asko dutenek (enpresa eraikitzaileek, urbanizazioa egingo duenek) irabazi. Baina Urdiaindarrek irakurtzen badakigu, idazten ere eta gure eskubideak babesten ikasten ari gara. Urdiainen etorkizuna herriak erabakiko du, ez alkate batek edozein delarik ere.