Antzinako boteredun erromatarrek
zirkua erabiltzen zuten
herriaren arazoekin bukatzeko.
Herriak zoriontsu eta gogoekin
hartzen zituen gladiadoreen arteko
borrokak edo kristauen heriotzak
lehoiaren hatzaparretan.
XXI. mendean Gobernuek hedabideen
bidez beste ogi eta zirko
bihurtu dute, jendeak eguneroko
arazoetatik urruntzeko: kirolak
edota futbola.
Langileek aste osoa egunean
zortzi ordu lan egin ondoren,
igandea iristea nahi dute, baina,
ez atsedena hartzeko. Igandea
izatea nahi dute partidu baten
aurrean jartzeko, eta talde gogokoenaren
bufanda lepoan dutela,
bizitzan benetan garrantzitsuak
izan daitezkeen gauzak alde batera
uzteko. Taldeak irabazten
badu, aste ona pasatuko du, are
gehiago jokaldi onak eta txarrak
lankideen artean komentatzen
baditu. Aldiz, galtzen badu,
hurrengo asteburua noiz iritsiko
zain egongo da, erremontada
egiteko itxaropenarekin.
Hamaika gizon baloi bati ostikadak
ematen askoren arazo
larrienetarikoa bihurtu da egungo
gizartean. Izan ere, partidu
batek irauten dituen 90 minutu
horietan hipoteka, zorrak, aste
gogorra, eta abar alde batera
uzten dira. Gainera, futbolak ez
du atsedenik, eta liga edo kopak
bukatzen diren arren, uda osoan
albistegiek fitxajeei buruz hitz
egiten dute herriari zirkoaren
berri emanez.
Kirolariek espektakulu berezi
honetan parte hartzeagatik
milioiak eta milioiak irabazten
dituzte. Eta bere etxean zorrez itota
dagoen langile horri berdin zaio
zenbat kobratzen duten heroi
berriek, nahi duena jasotzen duen
bitartean.