Nerabezaroa garai zaila da. Haurtzaroaren eta helduaroaren arteko trantsizio aldia da. Nerabearen baitan aldaketa handienak alde fisikoan, psikologikoan eta sozialean izaten dira. Aldaketa hauek bat-batean harrapatzen dute nerabea eta baita gurasoak ere eta orain arte zuten "oreka" hautsi egiten da liskarrak eta gatazkak agertzen baitira.Nerabeek beraien identitatea bilatu nahian dabiltza eta autonomia lortu nahi dute. Horretarako, nerabeek gurasoengandik aldentzen hasi behar dute eta hori ez da lan erraza, oraindik gurasoekiko menpekotasuna dutelako eta bestetik independentzia grina dutelako. Nerabeari honek guztiak barne gatazka eragiten dio. Barne borroka hori askotan eztabaida eta liskarren bidez adierazten da batez ere gurasoekin. Horrelakoetan, seme edo alaba nerabe batekin bizitzea ez da erraza izaten. Ordenagailuaren erabilera, ikasketak, etxera iristeko ordutegiak, ohea egitea eta logela txukuntzea... liskar edo gatazka handien sorburu bihurtzen dira. Gurasoak harrituta daude beraien seme-alaben jarrera berriarekin, ordura arte esaten zituzten gauza gehienetan kasu egiten zietelako eta orain aldiz, arauak alde guztietatik miatzen dituztelako azkenean bidezkoak ez direla argudiatzeko.Aldaketa hauek sarritan nahasi egiten dituzte gurasoak, ez baitakite oso ondo nola egin aurre seme-alabekiko gatazka etengabeei. Lehen erabiltzen zituzten estrategiek dagoeneko ez dute funtzionatzen eta une berriari egokitu beharra dute, arauak aldatu eta muga malguagoaknegoziatuz eta adostuz. Horrek ziurgabetasuna sentiarazten die gurasoei, zaila delako nerabearekiko agintea eta kontrola izaten jarraitzea eta aldi berean konfiantza eta erantzukizun maila gero eta handiagoak ematea nerabeei.Eta nola aurre egin egoera honi? Eboluzioaren une honetan gatazkak gertatzea normala dela jakinik, garrantzitsuena gatazka edo liskar baten ondoren gertatzen den prozesua da.Ezinbestekoa da emozioa jaitsi denean, lasaitu garenean, hausnarketa bat egitea arazoa zein den zehazteko eta konponbidea lortzeko alternatibak bilatzea. Hausnarketa honetan, gaizki egindakoak eta ondo egindakoak onartu behar dira, ez baikaude horretara ohituak, eta besteari, ondokoari, momentu egokian azaldu behar zaizkio gainera. Hori egin ezean gatazkak enkistatu egiten dira. Eta gogoratu, "Maita nazazu gutxien merezi dudanean, orduan izango dut beharrik handiena eta"