Angela Merkelek berriki onartu du. Kultur aniztasuna lantzeko orain arteko sistemak huts egin du Alemanian eta beste zerbait asmatu beharko dute.Alemanian etorkina batez ere turkiarra da, oso elkargo kohesionaturik elkarren artean baina sobra ere ez behar bezain integratuak. Non dago , baina, integrazio ahul honen muina? Merkel berak eman zuen kezkabide bat: badira alemaniera oraino ikasi ez duten alemaniar-turkiarrak.Historiak erakusten digu kultur aniztasunak ez duela finkatze orekatu eta luzea eduki inon munduan ahalegin polit eta txukunak izan diren arren: Toledo, Mazedonia, Vilnius, Sarajevo, Alexandria... Amets eder honi beti gailendu zaizkio asimilazioa, bazterketa, garbiketak, kanporatzeak etab.Zeren gauza modderno eta aurrerakoia da kultur aniztasuna goraipatzea eta predikatzea eta beste bat zeharo desberdina berau egiazki martxan jartzeko tresnak bilatzea. Goiasmo eder hau zinez aitzina eramateak gure pentsa eta jokamoldeen aldaketa ekarriko luke ezinbestean alor askotan eta ez dakit posmodernismoaren aro honetan halako itsasoko lanetan jarduteko gauden. Apaindura moñoñoa egiten diote hainbat ziutateri gizalarru kolore ezberdinak ikusteak, jatetxeetatik usain ñabar eta bitxi askoak aditzeak, bost kontineetako musika eta dantza nahasi zoragarriez gozatzeak baina hori mintza hauskorra besterik ez da.Egun zernahi hirik bere burua aurkezteko lehenengo eta behin kosmopolita dela esan behar du. Baina gauza bat kosmopolistimo estetikoa da, publizitate euskarrietan oso egoki eta erakargarri ematen duena eta kultur aniztasuna, benetako kultur aniztasuna beste bat. Egun Londres ez da kultur anitza, ezta Paris, New York, Madril, edo Berlin ere.