ADINEKO PERTSONAK

Adelaida Kintana 2010ko aza. 26a, 00:00

Urriko ale batean Zoila Berasategik idazten zuen hirugarren adinekoekin dagoela eta gizartea alderantziz dagoela, eta ni bat nator esaten duenarekin.Ematen du adineko pertsonak gizarte honen bigarren mailako pertsonak direla. Atzera begira jarriz, gauzak nola aldatu diren jabetzeaz gain, eta nire adina ere aurrera doala konturaturik, gure aita-amak eta aitona-amonak beren osotasunean gogor lotu zitzaizkien seme-alabei eta lanari.  Haiek  hainbeste diru eta materialik gabe, denborarekin eta eguneroko lanarekin, bizitza aurrera atera zuten; are gehiago, jakin izan duten modurik hoberenean gauza eta balore asko transmititu digute, nahiz eta guk kasurik ez egin: naturarekiko errespetua, lagun hurkoarekiko begirunea, auzokoei laguntzea, gure hizkuntza eta kultura... Haiek beren aurrekoei errespetu handia zieten eta gogoz eta maitasunez zaintzen zituzten.  Guk, ordea, lana dela, erosotasuna dela, denbora falta dela... baztertu egiten ditugu. Hasieran aipatu dut atzera begiratu behar nuela, eta historian zehar adineko pertsonei, kultura guztietan, errespetu handia eta kasu handia egiten zitzaien. Hala ere, gaur produzitzen ez dutenez, gutxiesten ditugu.Baina zer esan behar dugu aitona-amona horiei buruz? beren bilobak zaintzen dituztenak, semea edo alaba ere zaintzen dutenak dibortziatu ondoren gurasoen etxera itzultzen denean, baratzean haiendako ez ezik familia osoarendako ere barazkiak ekoizten dituztenean, eta hamaika adibide gehiago jar nitzake. Ez dutela produzitzen esaten dugu?Zoilak arrazoia du esaten duenean gizarteak bizkarra ematen diela, gizarte honetan gaztetasuna handiesten dugu, gehiegi apika. Horregatik nik hemendik nire eskerrik beroenak bidali nahi dizkiet haiei guztiei, guraso eta aitona-amona guztiei.akinlo@euskalerria.org