Baina fundamentuz. Ez du balio koadrilan hizketan, tabernan poteatzen edo dendan, txandaren zain zaudela, barruak hustutzea. Ez. Horrek ez du ezertarako balio, ez bada barneko arra lasaitzeko. Euskaraz hitz egiteagatik nonbaiten edo norbaitek gaizki hartu edo mespretxatu bazaitu, edo euskaraz hitz egiten utzi ez badizute (espainolez, mesedez; no le entiendo edo hableme en cristiano), kexatu zaitez, baina behar den tokian. Zer irabazten dugu zu kexatzearekin? Asko. Denok. Hasteko, hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen baditugu, benetan euskaraz bizi nahi dugula erakusten dugu, euskarak inporta digula. Hori bada zerbait. Kexatuz presioa egiten dugu. Administrazioek hizkuntza ofizialen erabilera bermatzeko betebeharra dute (teorian). Eguneroko bizitzan administrazioek, beraien atalek, hori betetzen ez dutela argi dago. Behar bezala egindako kexek hori aldatzeko presio lana egiten dute. Gainera, urteko ekintzen balorazioetan, hizkuntza, herritarren kezka nagusien artean agertzen da, publikoki. Baina behin kexatzen hasita, kexetan iraunkorrak izatea garrantzitsua da. Ez dugu etsi behar, eskubideak aldarrikatzen jarraitu behar dugu, erreklamatzen, lortu arte.Sistemak berak jarritako tresnekin, erreklamazioa, hizkuntza politika baldarrei koloreak ateratzeko bitarteko bat da. Salatzeko bitarteko bat, azken finean. Eskasa, ez-perfektua, baina baliagarria. Behar bezala kexatzeko hona jo: www.euskararentelefonoa.com eta 902 194 332 telefonora edo www.defensornavarra.com/index.php?/eu eta 900 702 900 telefonora.Arrazoia gure alde dago. Euskaraz bizi ahal izatea gure eskubidea da, esparru guztietan, baita administrazioan ere, publikoa delako eta hizkuntza guztiak kontutan hartu behar direlako. Kexatu zaitez. www.altsasukokima.com