Aurten krisi ekonomikoak gogor jo du Sakanan. Krisia pixkanaka-pixkanaka iritsi da, eta aurten egin du eztanda. Eztanda handia, gainera: hainbat enpresa itxi dituzte, eta langile guztiak kaleratu; beste hainbat enpresatan Enplegua Erregulatzeko Espedienteak izan dira, eta langileen egoera ekonomikoa murriztu dute; enpresaburu batzuek langileak aireaz bizi direla pentsatzen dute, eta soldatak ez ordaintzea erabaki dute; eta abar. Noiz arte iraungo du egoera honek?Kapitalismoaren ondorioz, Eguberriak aldatu dira. Orain garrantzitsuena ez da familiarekin igarotzen den denbora (bere alde onak eta txarrak dituena, edozein gauza bezala). Ezin ahaztu Euskal Herriko mahai askotan aulki hutsak egongo direla, senidea ehunka kilometrora lau hormen artean egongo delako. Orain garrantzitsuena erostea, erostea eta erostea da. Gero eta opari gehiago izan, are eta hobeto. Telebistan ikusten diren iragarkiek erosteko behar hori areagotzen dute, eta kaleetan jartzen dituzten argiak, zure bidea erraztearren, dendak betetzeko tresna bezala erabiltzen dituzte.Umeek ez dute kapitalimoaz ezta sozialismoz ere ulertzen. Haurrek Olentzero herrietara iritsiko dela badakite, eta gabon gauan etxeetara opariekin iristea nahi dute. Aurten, Olentzero, ume guztientzako opariak izango dituzu? Izan ere, guraso askok ezin izango zaituzte opariak egiten lagundu. Nola azaldu ume bati Olentzero ez dela etorriko? Charles Dickesen A Chistmas Carol (Gabonetako ipuina) eleberrian bezala, bat baino gehiagori iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko gabonetako izpirituak agertu beharko zitzaizkien, egoera benetan zein den ikusi dezaten.