Gaur Gabon-Gaua da, Zorionak. Egun bereziak, bakoitzarentzat arrazoi desberdinengatik, batzuk familiarekin egoteko, besteak oporretan joateko, edo Jaungoikoaren Jaiotza ospatzeko. Batzuentzat egunak zoriontsuak izaten dira, familiarekin bildu, urte guztiko kontuak elkarri kontatu, mahi betearen inguruan elkartu eta gozatu, egun bereziak maite dugun jendearekin ospatu, edo besterik gabe jaiegunak aprobetxatu oporretara joateko.Badaude besteak berriz ez zaiela hainbeste gustatzen egun hauetan. Nahiz eta eten gabe entzun kaleetan, komunikabideetan eta inguruan zoriontsuak izan behar garela, ez dira zoriontsuak sentitzen, familia inguruan ez dutelako, norekin ospatzeko ez dutelako edo besterik gabe ez dutelako zer ospatzeko. Baina ni gaur ez naiz triste jarriko, eta beste hausnarketa bat ekarri nahi nuen gaur hona, hau da Festa hauetan bereziki nabaria den kontsumismoa. Gure gizartea kontsumismoan oinarritzen dela onartzen dugu, eta horregatik egun berezi hauetan urteko gastu handienak egiteko ahitura da askotan. Loteria erosteko, otordu ederrak egiteko, edari goxoak ospatzeko, eskiatzera joateko, eta maite dugun jendeari opariak egiteko, Olentzeroari ere gutuna luzea idazten diogu, luzeegi askotan. Garai honetako gaia izaten da kontsumismoa, baina aurten berriz, batzuk edo askok gastu horiek murrizteko beharrean egongo gara krisia dela eta. Egoera honetan, ordea, gogoeta desberdina egin beharko genuke, diruaz aparte badaude beste balioak askotan ahaztu egiten zaizkigunak, besteak beste maite dugun jendeari gure denbora oparitu eta ez bakarrik diruz erositako gauzak. Zorionak eta ondo pasa dezagun egun hauetan.