Irakurleak Guaixe hau eskutan hartu eta ordu gutxitara hasiko da munduko bazterretan urte berriaren mustutzea: Japonia, Australia, Txina, India... Eguerdiko teleberrietan izango dugu horren berri eta laster etorriko zaigunaren iragarle. Gure mundu posmodernoak oraino ez du asmatu gabonzaharraren ospakizunetarako ezaugarri nabarmenik eta halatan Holliwoodek eta 60-70ko hamarkadek sortutako kitscha da nagusi: topa egiteak, confettiak, suziriren bat eta gauerdiaren inguruko segunduetako ustezko zoramena.Ipurdia erreko diogu urte zaharrari, beraz, eta ez dira faltako urte hasi berriari mendi txango batez ongi etorria egingo diotenak , edo Vienako kontzertua edo eski jauziak telebistan ikusiz 2011ko lehen orduak iraganen dituztenak.Krisiak edo aireportuen izozteak apika harresia paratuko zioten azken urteetan zabaltzen ari zen usadio edo desirari, hots, urrun samarreko bazterretara joatearen onguraminari, Tunisiara edo Lanzarotera eman dezagun.Nolanahi ere den Urdiainen ur berria bilduz eta edanez ekinen diote urteari. Ez dakigu noiztik datorren ohitura hau, ehundaka edo milaka urte dituenentz baina bere xumean xarmatzen gaitu egintza polit honek oraindik ere. Freixeneteko lamia eta apartsuetatik urruti Burundako ur goienak eta ur barrenak beste eredu bat eskaintzen digu naturari eta lurrari, herriari eta auzoari lotua, tokian tokiko sare sozialaren ehuntzailea eta bizilagunen elkartzailea. Isur bedi, isur bekigu ur hura jare, oparo eta emankor; ameslari eta berritzaile...eginzale. 2011 zoriontsu eta on.