Izargi

Altsasuko Feministak 2011ko urt. 14a, 00:00

Urte bukaera honetan adierazpen eta manifestazio ugari egiten ari dira UPN-ren aurrekontuen aurka.  Edozein modutan ere antisozialak izango ziren, baina krisi garai honetan korporazio handiek eta gaurko sistema ekonomikoak ezartzen dizkieten praktika neoliberalekin jarraitzeko aprobetxatzen dute.Gure ustez, guk ere badugu honen inguruan zer esana. Hala, mugimendu feministatik aurrekontu hauek gaitzetsi egiten ditugu Nafarroako osasun sistema publikoa desagertarazteko beste aurrerapauso bat direlako.  Nafarroako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak salatu duen bezala, ospitaleko arreta lehen mailakoaren gainetik jartzen da, ikerkuntza ez da sartzen zerbitzuen eguneroko jardunean, sexu-osasunaren arloko hezkuntza baliabideak ahuldu egiten dira, eta abar.Azken hau Sakanako IZARGI zentroaren akabera izan daiteke. Guk sarritan salatu izan dugu Nafarroako Gobernuak zentro hau dela-eta izan duen jarrera. Izan ere, zentroa askotan jarri du kolokan eta erasotu egin du duen helburua gutxietsiz eta hura mantentzeko beharra zalantzan jartzen dituzten zenbakiak emanez.Zentroa ixtea justifikatzen ez dituzten krisiak eta egoera zehatzak alde batera utzita, guk badakigu sexu-heziketa eta emakumezkoen ugalketa-osasunari oztopoak jartzea izan dela eskuindarren ohiko praktika eta helburua urteetan zehar.  Hala izanik, berriz ere tinko eutsi behar diogu Izargi duina lortzeko daramagun borrokari.