POTTOKA BATEN BAKARRIZKETA

Zoila Berastegi 2011ko urt. 21a, 00:00

Bai, onartzen dut; hitzak ezin aurkitu nabil; handik, hortik, hemendik... eta inon ez. Haizeak okertuta eraman ote dituen beldur naiz, hostoak bailiran. Udazkena ote? Negua omen baina. Negu gorria hezurretan barna, eta bihotzak odol berean berotu ezinik. Dena hotz, izotz; eta negua bere horretan buru-belarri. Burutik belarrira bakardade baten mintzoan. Eta bakardade hori ezin dut gehiago ikusi, baina arantza baten moduan betirako dut sentituko. Neurea eta besteena. Ezer esan gabe badoan bizitza baten esana, eta harekin eskutik emanda, guztia esan duen heriotz  baten ixiltasuna. Eta ixiltasunean entzuten dira malkoak, soilik ixiltasunean. Batez ere harenak.Nola bete orri txuri hau, orriak txuri jarraitu nahi duenean? Zer esan, zer esanik ez dagoenean? Nola agurtu, agurtu ezin denean? Soilik muxu bat, "bihar arte" bat, eskaileretan gora egur hotsa, ganbara eta ganbaran, ate baten atzean, badoan bizi bat. Eta harekin, zerutik erortzen den 50 zentimoko txanpon bat, ohe bero bat eta duela urte askotako bizikleta gorri bat. Etxeko sutondoa izan da zure arnasen azken testigu eta haren garrak, zureak ere badirelako, gure artean jarraituko du betirako.Badakit ez zaituela iluntzen baratzetik azken loreak hartzeak. Ni baratza berriz ere noiz loratuko zain geratuko naiz. Esperoan. Eta bihar, argitzen duenean, bihotz-bihotzez, goxo-goxo belarrira xuxurlatuko dizut "beti arte" sentittu bat. Maite zeittut, osa.