KONTSUMOEN AURREAN ZUK ERABAKITZEN DUZU

Prebentzio programako teknikariak 2011ko urt. 21a, 00:00

Gure bizitzan zehar etengabe gaude erabakiak hartzen, zein ikasketa burutu, nola antolatu gure denbora librea, jatetxe batean plater bat edo bestea aukeratu,  gustuko dugun pertsona bati mezu bat idatzi edo ez ... drogak kontsumitzerako momentuan ere erabakiak hartzen ditugu uneoro. Droga kontsumoen aurrean erabaki arduratsu bat hartu aurretik oso garrantzitsua da sustantziari buruzko informazio erreala eta osoa izatea, kasu askotan dugun informazioa ez baita zuzena eta mitoetan oinarritzen da (adibidez: droga natural batek ez du kalterik egiten, zigarro bat erretzeak lasaitu egiten du...) . Gure egoera pertsonala kontutan izatea ezinbestekoa da, horretarako gure buruari galdera desberdinak egitea gomendagarria izan daiteke: Nolakoa naiz? Nola nago momentu honetan? Zertarako kontsumitu nahi dut? Kontsumitzen badut bihar nola aurki naiteke?   Droga kontsumoetan hiru dimentsio daude: plazerra, arriskua eta kaltea. Kontutan izan behar dugu kontsumo bat burutzen dugunean arriskua beti presente dagoela, nahiz eta plazerra eta kaltea ez beti eman. Kontsumoaren alde negatiboak eta positiboak balioetsi ondoren erabaki dezakegu zer komeni zaizun gehiago. Gogoratu, erabakia hartu ondoren zu zarela erantzule bakarra eta arriskurik ez dakarren egoera bakarra ez kontsumitzea dela!  Ez kontsumitzea erabakitzen baduzu, egoera askotan zaila suerta daiteke ezetz esatea edo hau mantentzea. Ez kontsumitzearen arrazoiak zehazki badakizkizu errazago egin al zaizu zure erabakia mantentzea eta zure ingurukoek egiten dutena gutxiago eragingo dizu. Arrazoiak desberdinak izan daitezke: ez dut gogorik, kontsumoak beti arriskuak dakartza, geroz eta pertsona gehiagok erabakitzen dute edan eta erre gabe dibertitzea, bihar plana daukat eta eguna ondo aprobetxatu nahi dut...Kontsumitzea erabakitzen baduzu argi izan arrisku mota asko daudela honen inguruan: familiarrak, legalak, ekonomikoak, pertsonalak, osasunekoak... Askotan garrantzi gehiago ematen diegu ondorio larriei (eztarriko minbizia adibidez) eta egunerakoak (tabakoak sortzen duen antsietatea adibidez), batzuetan ez hain larriak, eragin negatibo handiagoak izan ditzakete gugan. Arreta jarri guztiei! Argi izan erabakiak hartzeko momentuan, bide laburrena beti ez dela biderik egokiena. Bide bat edo beste hartzeko momentuan ongi pentsatu, erabakiak garrantzitsuak dira eta!