"Bakarren batek ni kanpoan uzteko borobil bat egin zuen, nik handiago bat egin nuen denak barruan sartzeko". Hori da aisi barneratzailearen kontzeptua; gure kasuan, komunitatetik (udala, mankomunitatea eta abar) eskaintzen diren aisi jardueretan ezgaitasuna duen edozein pertsonak parte hartzeko aukera ematen duena. Elkartetik ezgaitasuna duten pertsonendako aisi propioa aktibatu dugu, pertsona horien gizarte bizitza errazteko lehen pauso gisa. Baina ezin dugu ahaztu aisi barneratzailea eskaintzeko aukera. Batez ere pertsona jakinekin. Hala, udaletik eta mankomunitatetik eskaintzen diren jarduera guztiak (aisia, kirola, ludoteka, Udan euskaraz eta abar) ezgaitasuna duten pertsonei zuzendutako plaza kopuru bat eta beharreko baliabideak izan behar dituzte. Ulertezina da ezgaitasuna duten haur, gazte eta helduek ezin joan izatea igeriketa ikastaroetara, tailerretara, mendi martxetara...Baliteke ezgaitasuna duten pertsona guztiak ezin daitezkeela onuradunak izan, baina bai kopuru handi bat. Aukera hau baliatu nahi da Altsasuko gazteriako talde motorrari eskerrak emateko: Altsasuko Udalari eta bere gazteria zinegotziari, Intxostia punta gaztegunean ezgaitasuna duten pertsonendako lokala uzteagatik; eta aisia posible egiten duten boluntarioei; Altsasuko berdintasun teknikariari ezgaitasunendako bateragarri programagatik; mankomunitateko kirol teknikariari musikoterapia saioengatik. Ezgaitasuna duten pertsonen bizitzan aldaketa inportante bat izan da, baina bidea luzea da eta bidea egiten jarraitu nahi dute.