Lehenik eta behin, Guardia Zibilak atxilotu eta epaileak espetxeratutako Iker Morenori eta berarekin batera atxilotutako guztiei elkartasuna adierazi nahi diegu eta gobernu, epaile eta hedabideei espetxeratuen errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatzen diegu. Ikerren lan bikaina azpimarratu nahi dugu era berean, bai hezitzaile gisa, bai Topaguneako koordinatzaile gisa eta baita bere herriko kultur bizitzari begirakoa. Publikoa izan da bere jarduna eta gure konfiantza osoa dauka.Hedabideetan irakurritako informazioaren arabera Ikerrek torturak salatu ditu eta bera ez da bakarra izan. Inkomunikazio egoerak atxilotutakoen eskubideen urratzea ekarri ohi du, ez baita egoten beraien eskubideak errespetatzen diren bermerik. Torturak frogatu beharko direla esango duenik egongo da, baina horiek egon ez direla frogatzea legokioke administraziori eta ezinbestekoak ditugun prebentzio neurrien bidez (konfiantzazko lekukoak, bideo grabaketak...) aukera hori saihestea. Ez da hori horrela izan eta arbuiagarritzat jotzen ditugu ondorioak.Era berean, atxiloketa egunean Topaguneako Atarrabiako egoitzatik zein bere bazkide den Karrikaluze elkartetik zazpi ordenagailuen disko gogorrak eta eskuko telefonoak eraman zizkigutela eta gure lana guztiz oztopatuta ikusi dugula adierazi nahi dugu. Euskararen alde lanean aritzeko lan tresnak besterik ez direla eta horiek lehenbailehen buelta diezazkigutela eskatzen dugu.