SASI GUZTIEN GAINETIK, EUSKALDUN ETA BURUJABE (I)

Itsaso Ganboa eta Itziar Claver 2011ko ots. 4a, 00:00

Sarri sasi artean ibiltzera ohituta gaude euskaldunok. Gaztelera eta frantsesa direnez hizkuntza nagusiak, bigarren mailako herritarrak gara euskaraz bizi nahi dugunok. Euskal Herria eta euskaldunak mendean hartzea helburu duen asimilazio prozesuaren oinarrian hizkuntza-ordezkapena bera dago. Frantziak eta Espainiak, euren marko juridiko eta konstituzioen bidez, sasi ugari erein dituzte herri euskaldunaren inguruan, eta nazio hizkuntza den euskara menpeko bilakatu da bere herrian. Badugu garaia sasi guztien gainetik gailendu eta Euskal Herrian euskarari zein euskaldunoi dagokigun lekua berreskuratzeko.Euskal Herriak bizi duen gatazkaren muina dugu hizkuntza gatazka. Euskaraz bizi nahi dugunean, gatazka bera bizi dugu. Edozein hizkuntza komunitatek nagusi izango den lurraldea behar du bizirik mantendu ahal izateko eta horregatik du garrantzia handia lurraldea askatzeak. Baina lurraldea askatzea herri euskalduna askatzeko tresna moduan ulertuta. Euskaldunak gara norbanako zein herri gisa askatu beharrekoak.Herri euskalduna menperatzeko tresnak martxan diren artean ez du etenik izango asimilazio prozesuak, horregatik da garrantzizkoa euskara, euskalduna zein hizkuntza komunitatea lehentasunezko izaeraz lantzea.  Ze bide egin dezakegu horretarako?Hasteko, asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Hau gainditzeko zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu eta praktika burujabearen aldeko hautua indartzea dagokigu. Jokabide aldaketa honetarako, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa izango bada ere, erabakia kolektiboa da, egin dezagun bada herri moduan euskaldun burujabe bizitzearen alde.  Euskaldun izatearen harrotasuna egunerokoaren erdigunean kokatuz, euskaraz bizi den herria nabarmentzea lortuko genuke. Era berean, lege zein prestigioa egoki landuz lehentasunezko estatusa eskuratu behar dugu euskararentzat, baina frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik, burujabetza behar du Euskal Herriak.Guri dagokigu euskaldun eta burujabe izateko bidea egitea.Honen alde indar egiten hasteko deitu dugu EHEtik otsailaren 12an mobilizazioa Donostian. Ahalik eta gehienen ekarpena ezinbestekoa da, beraz euskaldun bihotzeko guztiei bertaratzeko deia luzatzen dizuegu.  Euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.