Amaitu da Urdiaingo urbanizazio planari alegazioak egiteko epea, eta orain alegazioetan arrazoitutakoari erantzun egin beharko dio Urdiaingo udalak.Idatzi hau izenpetzen dugunok, Urdiainen 2003-2007ko lau urteko aldian udal ardurak izan genituenok, plan hau bertan behera utzi eta beste bat idazteko prozedura zabaltzeko eskatu dugu, Urdiaingo herriak gaurkotutako beste plan egokiago bat behar duela zinez uste dugulako.Tramitean jarri duten planifikazioan, gehiegikeria da etxebizitza berriak egiteko hartzen den lurra, memorian ez da horretarako justifikaziorik ematen, etxe berri bakar bat egitea bera ere justifika ezina dela aitortzen du, baina gero horrekin ez da kontsekuente.704 bizilagun ginen Urdiainen 2009an. Gaur, herria 330en bat etxek osatzen dute, horietako asko hutsik daude. Azken 20 urteotan, eraikuntzarendako aldi oparoenean, 60 etxebizitza berri eraiki dira, horietako batzuk saldu ezinik daude oraindik. Orain 319 etxebizitza berri egiteko plana idazten duenak, zer du buruan? Buruan duena ondo agertzen du planak berak, eta Urdiaingo udaleko NaBairen ordezkariek horixe bera adierazi eta defenditu dute. Gobernuak Nabarra ordenatzeko duen plana dago oinarrian, eta horrekin poligonotzarra, Urdiain-Altsasu industrialdea. Horrekin justifikatzen du planak egin nahi duten Urdiain "berria", eta halaxe agertzen da argi plana sostengatzeko memorian.Txostenean bertan azaltzen den demografiaren bilakaerak ezin du, inolaz ere, egiten den proposamena justifikatu.Arkitektoak egin duen ariketaren neurria ulertzeko, Altsasuko herriak duen etxe kopurua orain bertan bikoiztu egin behar du, eta baita aldi berean Olazti eta Ziordiko herrikoek ere, Nabarrako lurralde antolaketa planak dioenez, batera osatuko omen dugun Altsasu buru duen hiri berrian.Hortxe dago koska eta okerraren sorburua. Gu ez gaude ados plangintzak oinarri duen lurralde antolaketa eredu horrekin. Udalez gaindi marraztu den poligonoa bideragarria eta egokia denik erabat zalantzan jartzen dugu, eta horrek, dagoeneko, Urdiaingo udal planean sortzen duen desoreka kaltegarria dela irizten zaigu.Horrela, exekuzio unitateen neurriak handiegiak dira, eta diseinu horrek berak eragotzi eta kaltetu egiten du interbentzio egokiak bideratzea balizko etxebizitza berriak egiteko garaian. Exekuzio unitateak bideragarriago eta eskuragarriago izan daitezen, neurri txikiagokoak izan behar dute. Exekuzio eredua bezala, trama urbanoaren diseinua eztabaidagarria da.Eta horrela alegatu dugu.