Erretiro-sarien inguruko negoziazioetan " pentsioak neutroien truke" bitxikeria ekarri omen zuten mahaira. Neutroiek Sta. María de Garoñara ekarri gintuzten eta Garoñak aro atomikora beharrean Erdi arora eraman gintuen.Izan ere zentralaren aurkako ekitaldi batean Oskestra nazionala taldeak ( lehenagoko Elektrotuna) hainbat rock abestiren bertsioak eskaini zituen. Orduko hartan emandako bi kantaren karietara Villarcayoko epaitegira deitu zituzten deklaratzera.Inkisizioa XII. mende amaieran abiatu zuten Frantzian kataro heretikoak isilarazteko eta ezin ukatu dugu asmakizunak arrakasta eduki zuenik Europa osoan eta mendeetan barrena. Aragoik eta Gaztelak lehen eta Espainiak geroago luze, zabal eta sakon garatu zuten erakunde honen zeregina. Pertsonak, liburuak, aderazpideak eta ideiak jomugan paratu zituen eta formalki XIX. mendean bukatutzat eman zuten arren haren itzala luzea izan da eta da gaur egun ere. Izen ezberdinak har ditzake asmakizun zaharrak baina bere erroetan sendo dirau, berriz ere botere guztien bedeinpenarekin egungo matxino eta matxinogaiak jomugan.Franco hil zenez geroztik Inkisizio Zuria dugu Espainiako bazterretan, zuzenbide estatuaren premiak bultzatua, talde mediatiko ugarik txalotua, Auzitegi Nazionalak maiz hots handiz gauzatua ( besarkada bat Xafan) eta etorkizunerantz proiektatua.Gure inozoan uste genuen inkisizio berri zuri honek muga zenbait zituela. Uste inozoa ustel. Villarcayoko ofizioan salatutako abesti bat Leñoren Cucarachas da. Leño, bai. Rosendo heavie mitiko tximaluzeduna. Abestia aspaldikoa: "Labezomorroak trumilka karriketan, gure etxeak inbaditzen, airea kutsatzen...". Ezta Leño ere ez dute errespetatzen.