Gauza asko esango genituzke gai honen inguruan, baina lehenik eta behin eta garrantzitsuena ondoko eskaera egitea: Altsasuko Udalari bigarren urtez eskatzen diogu zuhaitzak landa ditzala Baratzakobideko parkean. Horrela, gure ondorengoek, iaz arte genuen parke ederraz gozatu ahal izango dute hemendik eta 80 urtera.Eskutik honen bitartez gogorarazi nahi diogu Udalari orain dela zuhaitzak landatzeko sasoia. Eta iaz eskatu bezala, neurri handiko zuhaitzak landatzea eskatzen dugu: ezkiak, gaztainondoak, haritzak, intxaurrondoak...Eskari honek ez du konpontzen egindako sarraskia: Altsasuko erdiguneko lorategiko 5 zuhaitz eder moztea turismo bulegoa hartuko zuen tren-makina kokatzeko; ezta honen inguruan egindako kudeaketa kaxkarra ere ez: tren-makina bat konpondu, egokitu eta kokatzen dirutza gastatu da eta orain hutsik dago. Zortzi hilabetetan hilabete batez baino ez da zabalik egon turismo bulegoa. Horretarako, ez ote zen egokiago udalaren gelaren bat erabiltzea? Diru publikoa errazegi zarrasteltzen da, kasu honetan, "garapenaren trenean".