Garai hauetan bigarren hezkuntzako ikastetxeen dinamikan murgilduta nago eta han ikusten dudanari buruz komentatu nahi nizuen.Dakigunez, garai bakoitzean kultura bat garatzen da eta sexualitatearengan eragin zuzena du. Emakume edo gizona izateko eta bizitzeko erak eraikitzen dira eta honekin lotuta, baita modu horiek nola adierazi ere (gure erotika).Institutuetan erotikari buruz asko eta asko hitz egiten da, izugarrizko garrantzia du "egiten dena"k. Eta "egiten denaren" artean baginako koitoa erregea erregeen artean bihurturik. Gazte hauendako "egiteak hala ez egiteak" marra bat markatzen du sexualitatea nork daukan eta nork ez aitortzeko.Azken urte hauetan bi sexu jokaerek ospe handia hartu dute nerabeen artean, seguraski helduen mundutik etorriak, uzkiko koitoa (coito anal) eta ahoko sexua (sexo oral) hain zuzen. Alde batetik izugarrizko morboa sortzen die honi buruz hitz egiteak eta beste aldetik jakinminez ikusten zaie. Garai batean izkutuan eramaten zena, gaurko egunean "normalizatu" da. Nire buruari galdetzen diot, normalizazioa normatik datorrenez, araua, betebeharra bihurtu den hala desiotik datorren zerbait da?Batzuetan klaseko elkarrizketetan atzematen da gaur egungo jendearen sexualitatean, hala edo nola, bi adierazpen hauek agertu behar direla, bestela, gure sexualitatea "motz" geratzen dela pentsatzen dutela.Paradoxikoki gaia lantzen ari garenean, egiten diren komentarioak eta jartzen diren aurpegiak ikusi eta entzun beharko zenituzten. Nola ez, honekin ere sexuen arteko desberdintasunak agerian geratzen dira: nesken aurpegietan nazka adieraziz, muturrekin keinuak egiten dituzte eta komentarioak ildo beretik doaz, ez badute minarekin ere lotzen. Haurtzarotik emakumeoi gure genitalak garbi-garbi mantendu egin behar ditugula esaten badigute, eta bizitza osoan zehar hamaika produktu ezberdin eskaintzen badigute gure "higiene intimoa" bermatzeko, gure genitalak, berez, zikinak daudela pentsatzea oso barneratuta daukagu. Eta zikinak badira, nola disfrutatu eta nola gozatu aho batekin kontaktuan jartzen baditugu?Mutilen komentarioak teknikak eta emaitzekin lotuak daude, helburua oso finkatua dagoela, nola lortu plazer gehien. Minaren mamua noizbehinka agertzen bada ere, berehala uxatzen da.Norberaren desioan murgiltzea, gai izatea ze nahi dugun, nola nahi dugun aztertzen joateko, bide batzuk zabaltzen eta beste batzuk ixten, bere garrantzia du. Baina sexualitate librearen aitzakiarekin, akaso, ez gara hainbat erotikaren adierazpenak betebeharrak bihurtzen ari?Hausnarketa luzatzen dizuet eta eztabaida, desiotik sortzen dena eta betebeharra bihurtzen dena. Eta nork elikatzen du gure desioa?