Kristo ondorengo 2011.urtea zen. Planeta goibel altxatzen zen egunero, birikak mindurik, gaixorik, baina batez ere bihotz minez. Jendea alde batetik bestera korrika zebilen, presaka, erlojuaren orratzetan preso, inora iritsi ezinean; Gauzak izan nahian eroturik, eta pertsona izatez ahazturik. Horrela esnatzen zen mundua egunero-egunero. Baina bazen mendiek babesten zuten erresistentzia etxe bat, Belzunze izeneko herrixka batean kokatzen zena. "Pertsona askoren" etxea omen. Kolore guztietako pertsonak zeuden, tamaina eta adin guztietakoak, sentimen eta pentsaera desberdinetakoak; guztiak elkarbizitzen. Kolektibotasuna baitzen, hain zuzen ere, haien erresistentziaren funtsa, bakardade eta depresioz gain-medikatutako errealitate indibidualista baten aurrean. Eta haien erresistentzia momentu oro aniztasunez elikatzen zuten. Hori zen beren aberastasunik handiena. Gure lagun hauek langileak ziren, lana baitzen haien sostengu. Elkarlana eta auzolana, gobernuaren atzaparretatik ihes egiteko. Autonomia, autosufizientzia eta autogestioa. Baina elkarbizitzaz eta elkarlanaz gain, haien erresistentziak bazuen beste sekretu bat: Elkartasuna. "Lagun iezadazu laguntzen". Arraroak ziren, bitxiak benetan. Baina giza-baloreak krisi sakonean zeuden garai harretan, haiek izan ziren biziraun zuten gutxienetakoak. Erresistentzia eta harekin bat, gizatasun taupadak bizirik mantentzea lortu zuten. "Emausko Trapuketariak"-en gisa ezagutarazi zuten haien burua, baina batez ere, haien bihotza eta bizi-zentzua.