PREBENTZIOA FAMILIAN

Prebentzio programako teknikariak 2011ko mar. 4a, 00:00
Prebentzio programetatik lan egiten dugun arlo ezberdinen artean, oso garrantzitsua den familiekin egiten den lanari buruz arituko gara oraingoan. Familiekin bi modutara lan egiten dugu: banaka edo taldean. Beharren arabera banakako lana egiten dugu familia batzuekin eta taldean hitzaldiak, tailerrak eta guraso eskolak antolatzen ditugu.    Hiru ekintza hauen ezberdintasuna familiak duen protagonismoan datza. Hitzaldietan hizlari batek gai konkretu bati buruz hitz egiten du eta gurasoek entzuteaz gain galderaren bat ere egin dezakete, tailerretan adituak ekartzen ditugu gai konkretu bati buruz hitz egiteko eta familiak dituen jakinminak, zalantzak, arazoak planteatzeko aukera izaten du, parte-hartzaileagoak izaten dira tailerrak dinamika ezberdinak landuz gero,.... eta azkenik guraso eskolak egunerokotasunean sortzen diren zalantzak, gatazkak,...lantzeko aukera ematen dute, ez dago gai konkreturik aldez aurretik finkatua baizik eta taldeak ateratzen dituen gaiak lantzen dira; horiek ikasturte osoko jarraipena izaten dute hilabetean behin elkartuz.    Komentatutako hiru ekintza hauek honako helburua hauek dituzte, besteak beste: familien eskaerei erantzuna ematea; gai hauetan  adituek  emandako pista eta tresnak eskaintzea, gero bakoitza bere etxean landu eta heziketa lanean laguntzeko asmoarekin; nerabezaroan erabakiak hartzen dakiten seme-alabak hezten familiak duen ardura eta garrantziaz hitz egiteko aukera eta espazioak ematea.    Azken finean etorkizunari begira egiten den inbertsioa dela uste dugu. Txikitatik lantzen diren gauza guztiak gero nerabezaroan edo/ eta helduaroan eragina baitute. Haurtzarotik hasita hitz egiteko eta komunikaziorako erraztasuna dagoen familietan, nerabezaroan ere horrela izaten jarraitzea da normalena. Modu berean, familian muga argiak jarri eta bete badira hasieratik, hauek nerabezaroan autokontrolean edukiko dute eragina. Era berean, autoestimua eta konfiantza landuz gero, talde presioaren aurrean erabakiak hartzeko tresna gehiago edukiko dituzte eta zerbait gogoko ez dutela, orain bai edo orain ez,... askatasunez esateko erraztasuna edukiko dute.    Esan beharra dago guzti honek ez duela arazorik ez edukitzeko berme osoa ematen, eta horrek ez du esan nahi, seme-alabak arazoak edukitzen dituztenean, gurasoak direla errudun  bakarrak. Guzti honetan zer ikusi handia duten beste faktore asko baitaude. Horregatik guztiagatik prebentzioa aukera ona da etorkizunerako egoerei aurrea hartzeko.Sakanako hiru  Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako  Drogamenpekotasun Prebentzio programan familietara zuzenean bideratuta dauden zenbait ekintza martxan jarri ditugu: - Altsasuko eskualdean pasa den astean Olaztin bukatu zen tailer bat, eta beste bi  tailer hasiko dira, "Drogen prebentzioa familietan" eta "Anai-arreben arteko harremanak"- Etxarriko eskualdean berria den ekimena martxan hasi da "Guraso Eskola".- Irurtzungo eskualdean, bi tailer hasiko dira: "Talde presioa eta erasoa" eta "errespetuan hezi eta bizi".