Garai honetan Iñauterietaz hitz egitea tokatzen da, herri guztietan ospatu baitira azkeneko aste hauetan. Baina ni gaur beste kontu bati buruz hitz egitea nahiko nuke; garraio publikoari buruz hain zuzen, egun hauetan lana dela eta buru belarri aritzea tokatu zaidalako.2012. urtean Nafarroako garraio publikoko kontzesio gehienak bukatzen direnez, Nafarroako Gobernuak orain dela ia bi urte Nafarroako garraio publikoko plangintza osoa (PITNA) prestatzen hasi zen. Bere planteamendua zen, edo hori esan digute denbora luze honetan behintzat, partehartzeko plana egitea zonaldeka gaia aztertzeko bai udalekin, bai herrietako eragile desberdinekin. Baina azkenean ez dute hori egin inondik inora. Pasa den martxoaren 24ean NAOn argitaratu zuten eta apirilaren 14 arte badago denbora alegazioak aurkezteko, enpresa batek egin duen planari. Bueno. 15 eguneko epea sakonki aztertzeko plantatu duten garraio publikoko sarea, ordutegia, zerbitzuak eta abar, egokiak diren, jendearen beharrak asetzen duen ala ez. Oso denbora gutxi benetan jendearen iritzia axola bada edo garraio publikoa benetan erabilgarria izan nahi bada, eta ez orain bezala.Mugikortasuna jasangarria. Asko entzuten dira hitz hauek azken aldi honetan. Klima aldaketa, petrolioarekiko lotura, CO2 isuriak, bla, bla, bla. Hitz oso politak baina gero benetan praktikan jartzeko garaian askotan irudia besterik ez da. Gaia konplexua da eta arlo desberdinak ditu, baina garraio publikoko sistema ona baldin badago askotan edo jende asko ez da behartuta egongo beti kotxea erabiltzera denetarako, orain gertatzen den bezala.