Estratan

Sakanako ETXERAT 2011ko mar. 18a, 00:00

Atxiloketak eta torturak berriro, normalizazio demokratikoaren nahiari ematen dioten erantzuna. Indarrean duten espetxe politika kriminalean ere ez da aldaketarik egon. Parametro politikoak iraultzean dakusagu guk irtenbidea, horregatik aro berri bat zabaltzeko gauzatzen ari diren ekimen guztiak txalotzen ditugu, konponbide zuzen baten alde egiten ari direlako, eta presoen arazoa konpontzeko ezinbesteko antzematen ditugulako. Nazioarteko Harreman Lantaldeak ere indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitzeko eskatu du. Espetxe politika eta tortura Europan dagoen bortizkeria handiena da, desagerrarazi egin behar duguna. Indarrak biltzeko unea da.Korrikak ekinen dio bideari laster batean. Euskarari buruzko gure errealitatea ekarri nahi dugu lerrootara. Ezinezkoa da gaur egun harreman normal bat preso euskaldunekin euskaraz: bisitetan ezin dugu euskararik erabili bisita moztuko liguketelako, erabat debekatua dugu euskara telefonozko harremanetan erabiltzea eten eginen digutelako harremana, gutunak hilabeteko atzerapenekin heltzen dira kanporakoak zein barrurakoak. Euskarazko liburuak izugarrizko atzerapenekin heltzen dira kartzelara, publikazio ofizialak izan arren. Ia ezinezkoa da ikasketak euskaraz egitea kartzelan: ezin da ikasketarik gauzatu Euskal Unibertsitatearen bidez, Espainiako UNEDen ez dago euskaraz ikasteko aukerarik, apunte eta bestelako baliabideak ere sekulako atzerapenekin doaz. Kartzeletan euskara ikasi eta erabiltzeko normalizaziorako pausoak eman behar ditugu. Korrika egiteko arrazoi bat gehiago.