EHEren eskutik Euskaraz Bizi Eguna 2011 etorriko da udaberriarekin batera. Euskaraz bizitzeraren aldeko hautua indartzeko eguna; euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna, herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna.Hainbat ekimen egin ditu EHEk bere sortzetik zentzu horretan, eta aurten ere ez dira gutxi izan. Hor daude iragan azaroko Ezabaketa Astea edota otsailaren 12an Donostian egindako nazio manifestazioa, besteren artean. Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe behar genuela izan aldarrikatu genuen Donostian. Euskaraz Bizi Egunarekin, jaia eta aldarrikapena uztartuz zapalkuntzari aurre egin eta Euskal Herri euskaduna eraikitzeko bidera hurbildu nahi ditugu herritarrak.Garai latzak bizi ditu herri euskaldunak. Euskararen aurkako erasoak etengabeak dira. Hizkuntza-ordezkapena oinarrian duen mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz frantsesa eta gaztelera ditugu hizkuntza nagusi Euskal Herrian, euskara eta euskaldunok menpeko bihurtuz. Ezin gara euskaraz bizi, euskararen herrian bertan. Hala ere, ukatzen zaigunaren gainetik euskaldunok hainbatetan erakutsi dugu sasiak astindu eta euskaldun egiten gaituenari eusteko prest gaudela. Geuri dagokigu euskaraz bizitzeko bidea egitea; auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegu. 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtu eta determinazioz eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekoa da horretarako. Euskaraz bizitzeko hautua egin eta lehentasuna eman behar diogu euskarari norbanakotik hasita, baina guk emateaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan.MARTXOAK 19 EUSKARAZ BIZI EGUNA 2011, GERNIKA-LUMO