Euskararen egoeraren inguruko hausnarketa atzera piztu da. Sarrionandia ( „Moroen" liburuan), Martínez de Luna, Xamar, Patxi Lópezi idazten dizkioten prestigiodun diskurtsoak, Roberto Jiménez ( " ez debekatu, ezta inposatu ere"), Jon Juaristiren revival guztiz melankolikoa...Jardun horien artean ale aipagarririk ez da falta izan. Arrabots mediatiko gutxikoa izanik ere oso taxuzkoa iruditu zait Mikel Zalbide eskaltzainaren gogoeta . Inozoek edo ezjakinek diotena diotela euskararen osagarria ez da hain itxaropentsua XXI.mendean. Hedabideetan, eskoletan, uniberstitatean bere lekua eskuratu du, Wikipedian ere ez dabil batere makal, baina euskalduna orohar ezin da euskaraz bizi, ezta orain arteko hizkuntzaren gotorleku tradizionaletan. Mikel Zalbidek arnasgune hauen garrantzia eta Kataluniaren eta Flandiaren kasuak gogorarazi ditu.Hizkuntza batek behar bezala garatzeko arnasa hartzeko espazioak, guneak behar ditu. Katalunian eta Flandrian, Bartzelonako eta Bruselako egoera bereziak gorabehera, bertako hizkuntzendako arnasgune zabalak egin dituzte. Bi-bietan nekez lotsatuko da herritarra bertako hizkuntzaz ezezagun bati zuzentzen zaionean, eta zalantza izpirik ez du izango nola hitz egin udaletxean edo osasunetxean. Gaur egun ere, katalanak eta flandiarrak tarteka ez omen dira oso atseginak jende askorendako beren hizkuntzak baliatzeko joera "talibanarengatik". Hizkuntzok bizi-bizirik egotearen albokalteak.Gurean Ordizia, Kanbo, Garazi, Aramaio, Baztan, Muskildi, Gernika, Etxarri...arnasgune bagenitu eta arnasgune gehiago sortuko balira ... Zalbidek proposatzen duena sinplea da: arnasguneetan noiznahi ta edonon euskaraz egitea. Sinplea bezain zaila, baina egingarria.