AMORRUA, ONDOEZA, EZINTASUNA

Adelaida Kintana 2011ko mar. 25a, 00:00

Gogoratzen duzue txikitan munduaren bukaerak iritsi behar zuela esaten zigutenean?  Nola imajinatzen zenuten? Azken denboraldian munduan gertatzen diren gertaerei buruzko albisteak ikusten ditudanean munduaren bukaera datorrela esango nuke.Japoniara, bai, ailegatu da: lurrikara, itsasikara, tsunamia eta, dena borobiltzeko eta ondorioz, Fukushimako zentral nuklearraren erradiazio isuria (10.000 hildako, 600.000 ebakuatu (non sartuko dira?). Suntsipena, deskalabrua, heriotza, naturan ere hondamena...Hemendik hain urrutira ere joan gabe Libia dugu, bertan ere batzuek besteak hiltzen dituzte, berriro ere, heriotza, suntsipena, hondamendia... munduaren bukaera.Eta hori guztia ikaragarria da, latza benetan, baina ohartu naiz urrun daudela puntu horiek, beraz, ez minik ez oinazerik ez dugula sentitzen gure bihotzean, haragian.  Sakana astindu eta jipoitu duen gertaera krudela jazo da, ordea, pasa den asteburuan. 16 eta 17 urteko bi neska hil dira trenak harrapatuta; hurbileko neskak, denok ezagutzen genituenak, edo, gutxienez, beren familiak ezagutzen genituen.  Eta orduan, bai, orduan mina, oinazea, etsipena, ezintasuna, amorrua... sentitzen ditugu, momentu jakin batzuetan nola egin aurre ez dakigula.Nola da posible bizitzaren hasieran dauden bi neskato hiltzea modu ikaragarri, tragiko horretan? Zaila egiten zait ulertzea, nahiz eta behin eta berriro galdetu neure buruari, ez baitut erantzunik aurkitzen. Adin bereko alaba daukat eta hunkituta nago erabat, bihotzean mina dut. Pentsatu ere ez dut egin nahi nola egongo ote diren haien familiak.  Sakanako batzuendako, behintzat, munduaren bukaera ailegatu da. akinlo@euskalerria.org