HAIKU BAT JAPONIATIK

Zoila Berastegi 2011ko api. 1a, 00:00

"Haiku" deitzen da japonieraz gehienetan naturarekin zerikusia duen poema edo bertso motza. Paisaia bat deskribatzen du momentu konkretu batean; momentu bat paisaia batean.  Eta denboran zehar, mendez mende, naturari so eginik makina bat hitz joko, milaka hitz eder bildu izan dira 5-7-5 neurripean. Orain aldiz, oraina. Eta nire galdera: ba ote dute hitzek ausardiarik Japoniak bizi duena biltzeko? Ba ote dute kemenik hura guztia jasateko? Ba ote dute hitzek esanik, hondamendiak isiltasuna derrigortu duen honetan? Ez al dira hitzak eztarrian deusezten  esan-nahiarekin soilik? Ez al dute hitzak eztarria urratzen, zainak ebakitzen?Barrenek talka egiten dutenean, eta itsasoa gose denean; guztia txiki eta arin bihurtzen denean; hitz larriz ezina eta ezinaren mina nagusitzen direnean; bihotz-taupadak zur eta lur geratzen direnean; suntsipenak begiradak gatibu dituenean; momentu horietan... ba ote poemarik, ba ote hitzik, ba ote esanik? Esaterik?Beltza beltzaren gainean; eguna gau; mina min; lurrikara tsunami eta tsunamia gaitz ikusezin. Badoa gaitza ihesi airean barrena; gizaki eta animalien soin; erreka, ibai eta itsas uretan dantzan; zirrikitu guztietatik guztietara. Ez da ikusten, ez da entzuten, ez du usaintzen, ez da dastatzen, ez da sentitzen. Gizakiok sortu dugu eta orain sorturiko kalte  hori guztia geure zainetan bizitzea suertatu zaigu. Han airean, hemen eurian. Azken finean guztiok etxe berean bizi gara, guztiontzat eguzki berak argitzen du. Gaitza ere, beraz, guztiontzat. Denok garelako Japonen gertatu denaren arduradun. Hitz larriz ezina, baina hitz larriagoz NUKLEARRIK EZ eta honekin eskutik, KONTSUMO ARDURATSUA.