UDABERRIKO ASTENIA EDO NEKEALDIA

Arantxa Sueskun Igoa 2011ko api. 8a, 00:00

Udaberria iristerakoan, naturaren elementu guztiek "bur- bur" egiten dutela dirudi; gauza guztiek, itxuraz, indar-leherketa ikaragarria jasaten dute.Pertsona askok urtaroa indartsu hasten dute, baina ez dira gutxiago, urtaro honen hasierarekin ahul eta indar gabe sentitzen direnak ere. Azkeneko egoera hori bizitzen dutenek "udaberriko nekealdia (astenia)" jasaten dute. Aipatutako "nekealdi" hori, aldaketa berrietara egokitzeko behin-behineko zailtasun baten ondorioa besterik ez da. Tenperatura igoeretara, argitasun handiagoetara eta ordu aldaketetara moldatzea kosta egiten zaiolako gorputzari. Aldaketetara egokitzeko zailtasunek ahulezia eta indar faltaren sentsazioa sortu dezakete eta egun batzuk, asteak edo, gehienez jota, bizpahiru hilabete iraun dezakete.Hau guztia ekiditeko, bizitza ordenatua izatea, ondo lo egitea, dieta orekatua mantentzea eta kirola egitea izango dira gauzarik komenigarrienak. Aurreko guztiak ez du ziurtatzen trastorno horiek jasan ez izatea, baina gutxienez egoera hori eramangarriagoa izan dadin laguntzen dute.Esan beharra dago pertsona batzuek oso erraz barneratzen dutela aldaketa, ikaragarri ondo datorkiela honelako aldaketak jasatea eta oso gustura sentitzen direla. Beste batzuei ordea, zertxobait gehiago kostatzen zaie, eta askotan astenia edo nekea izaten dute. Gutxi batzuei, berriz, izugarri kostatzen zaie hau gainditzea, eta  pertsona hauek  sarritan depresioa ere azaltzen dute.Azken horietan argitu beharra dago, balitekeela lehenagotik ere depresioa edo depresio kutsu bat jasaten aritzea (batzuk jakinda eta beste batzuk jakin gabe) eta udaberria ailegatzeak beraien zulotik ateratzera gonbidatzen dituenean, ezin izaten dutela jasan, barneko iluntasuna eta kanpoko argitasunaren arteko kontrastea. Depresioa duen pertsonak, ez du gogorik ateratzeko, ez eta atseginak diren ekintzak egiteko ere, eta errudun eta esperantzarik gabea sentitzen da. Neguan, hotzak eta eguraldi txarrak introspekziorako gune bat ematen digu; aldiz, udaberrian, eguraldi onak kanpora ateratzeko eta besteekin harremanetan jartzeko aukera aproposak ematen dizkigu. Horregatik, ildo depresiboa duten pertsona batzuek gehiago nabaritzen dute astenia. Baina  badira beste  batzuk ere, nahiz eta depresioa izan eta  aldaketetara moldatzea kostatu, argitasunaren etorrera ondo hartzen dutenak.Noski, hau guztia ikusteko pertsona bakoitzaren egoera hausnartu beharko litzateke eta jasaten dituen eraginak aztertu. Jakin ezazue, dena den, "udaberriko asteniak" gutxi irauten duela eta sintomak denbora luzez areagotuko balira, zeozer gehiago dagoen begiratu beharko litzatekeela.