Duela hilabete komunikabideek zabaldu zuten Nafarroako Gobernuari eskaera egin ziotela Antsoainen klinika bat zabaltzeko; haren asmoa Haurdunaldiaren Etete Boluntarioaren Lege berria praktikan jartzea. Abortuaren lege berri hau epekako lege bat da; haurdunaldiaren 14. astera arte legezkoa da abortua egitea, beti ere, emakumeak nahi badu, inolako baldintzarik gabe. 22. astera arte etete terapeutikoak egiten dira eta, hortik aurrera, legez kanpo dago. Diputatuen Kongresuan eztabaidatu zenean, guk, beti bezala, Gizarte Segurantzan abortu libre eta doakoa egitea defendatu genuen. Epekako lege honek, bere mugekin, emakumeak zigortzen jarraitzen du bere sexu- eta erreprodukzio-eskubideak erabiltzeagatik. Hori ezin da onartu. Lege hau betetzeko orduan ere ez dirudi Nafarroako Gobernua bere ardura hartzeko prest dagoenik. Egoera berrian eskatzen diren eteteen ia %100 baldintzak betetzen dituzte, baina ez dirudi prest daudenik Osasunbidean tratatzeko, eta EAEko klinika pribatuetara bideratzen dituzte. Eta, gauzak zer diren, haietako batek eskaintza egin dio; ordaindu behar duenez, gutxienez joan-etorrietan aurreztu dezala. Eta guk gurearekin jarraitzen dugu: abortua libre eta doan sare publikoan.