Martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Emakume guztien eguna, alegia. Ospakizun egunaren mendeurrena ospatu genuen, gainera. Eta ehun urte pasa ondoren, emakumeek egun bat baino gehiago merezi dutela esan dezakegu. Emakumearen egoera aldatu da. Baina, zenbateraino izan da aldaketa hori? Duela ehun urte emakumeek bizi zuten egoera menperatuaren aurka altxatu ziren, eta haien eskubideen alde borrokatu zuten. Garai horretako emakumearen egoerarekin alderatuz, gizartean zenbait aurrerapauso eman dira. Emakumea gizartean ez da objektu soil bat, eta hainbat arlotan parte hartu dezake; hala nola, politikan, jaietan, eta abar. Dena dela, zenbait pauso gehiago eman behar dira; lan munduan, esaterako. Nola da posible emakumeek lan berdina egiteagatik gizonek baino gutxiago kobratzea? Zergatik dira lehenengo kaleratuak, eta lehenengo kaltetuak? Ehun urte pasa dira, eta, gure aitzindariek egin bezala, gure eskubideen alde indarrez borrokatzen jarraitu behar dugu. Berdintasuna badago? Gizonak eta emakumeak parekoak dira? Ez. Emakumeok gehiago egin behar dugu lan "status" berdina lortzeko. Emakumea ez da soilik profesionala izan behar. Emakumea profesionala, guapa, etxeko andre eta ama izan behar da. Eta kexatu gabe. Emakumea super-woman izan behar da. Emakumea perfektua izan behar da. Ez da nahikoa emakume izatearekin, gizonekin gertatzen den moduan. Hedabideek erakusten duten edertasun ereduagatik emakumeek estresa, frustrazioa eta bestelako buru gaixotasunak izateko arriskua dute. Emakumeek gizartean leku gehiago irabazi dugu, baina zein leku hartu dugu? Irudia baina zerbait gehiago bada emakumea.