Azken urteotan Kataluniako zenbait goi politikari hasi dira gaizto eta moldakaitz bihurtzen Madrilgo konstituziozale esentzialisten irizpenean. Lehenik Carod , hurrena Maragall, eta arestian Mas eta Pujol. " Honorable" gehiegi inperio zaharreko txingarrak hauspotzen dituztenentzat. Artur Masek eta Jordi Pujolek baiezkoa eman omen zioten burujabetzaren herri galdeketan eta horrek desirak eta helburuak definitzeko orduan berritasuna ekarri du Kataluniakon politikagintzara."Zaharrak berri"tasuna, ordea, beste goi politikari batek ekarri digu. Antoni Durán i Lleida kargudun beterano eta Unióko buruak adierazi zuen galdeketa hizpide, Mas eta Pujolen nahia, hots, burujabetza errespetatu arren konfederalismoaren proiektua defendatzen duela. Kontu jakina da Katalunian aspalditik konfederalismoaren hautuak herritar ugariren sostengua duela eta Duránen iritziak ez dakar zertan eskandalu emangarririk. Bai, ordea, ondotik bota zuena: " Pujol independentziaren aldekoa da eta ni konfederalismoaren aldekoa, baina egia esan bata bestea bezain utopikoak dira". Halaxe.Utopiak. Haratx, gizartearen "benetako interesak" lenehetsiz senetik eta erantzukizunetik atera zen mintzo jakintsua. Aipatu bi proiektu politikook baturik kataluniarren gehiengo zabal bat islatzen da. Eta hala ere utopikoak. Hausnarketa hori bota duenak hamarkadak eman ditu hautetsi Madrilgo parlamentuan. Zertarako? Herriak etorkizun egokitzat jotzen duena utopia izendatzeko. Herriaren asmo ongi pentsatua eta guztiz bidezkoa ameskerien zakarretara botatzeko.Halakoak ikusirik ez da zaila pentsatzea politikari dezente urrezko kaiolen margolari kaxkar hutsak direla.