Ikasgela batean oso gauza bitxi ikusi, entzun eta irakurtzen dira. Gaur, esate baterako, Mike, nire ikasle onenetariko bat, gelara oinutsik, zapatarik gabe etorri da eta horrek beste gauza bitxi batzuk ekarri dizkit burura.Eltxo batek segundoko seiehun aldiz astintzen ditu bere hegoak. Eta ziztatu arren, hortzak dituzte. Krokodiloek urtean behin soilik janda bizi daitezke eta koalek bere bizitza osoan ur tanta bat probatu gabe. Gure planetan hirurehun mila kakalardo mota bizi dira eta sits eta tximeleten artean bakarrik berrehun eta hirurogeita bost mila espezie daude. Musrata edo Neuqueneko biztanle adina kakalardo mota. Txakurrek, guk bezala, amets egiten dute. Ahateek egiten duten soinuak ez du oihartzunik sortzen eta inor ez daki zergatik. Benetan dakiguna da oilarrek ez dutela inor esnatzeko abesten, beren lurraldea zehazteko baizik. Balea gris batek hogeita bederatzi urte betetzen dituenerako zortea badu, ia bere bizitza erdia, bere migrazioak direla-eta bostehun eta hirurogeita hiru mila berrehun eta hirurogeita hamar kilometro izango ditu eginak. Nire buruari galdetzen diot ea beraiek, guk bezala, beren mugaldeetan arazoak dituzten. Kakalardo bat aste bat baino gehiago bizi daiteke bururik gabe, oso argiak direla erakutsiz; gizakiak bizi osoa eman dezake atal horren falta sumatu gabe.Gure planetaren inguruan ibiltzea, bizi garen lurralde txiki garrantzitsu honen inguruan, hogeita hemezortzi mila seiehun eta berrogeita bi kilometro lirateke. Iruñea eta Madril artean dagoen distantzia laurogeita hamabost aldiz egitea bezala. Hemen sei mila zazpiehun eta hirurogeita bost milioi berrehun eta hogeita hamabost mila zazpiehun eta berrogeita bat pertsona bizi gara. Pertsona asko eta asko, eta bakarrik arrazoi batek behartzen gaitu bitxikeria horiek guztiak babestera: pisukideak gara.