Euskaldunok EZ hitza entzutera ez gara ohitzen, EZ-ari alergia diogu. Oraindik ez baduzu alergia hori, berehalaxe kutsatu zaitzakeen norbait bilatzea aholkatzen dizut. Edo EZ-aren kontrako antigenoak dituen laborategi bat atrakatu, probetak hautsi eta sortzen diren isuriak eta lurrunak arnastu, horrela munduan dagoen gaixotasun osasuntsuenaz kutsatuko zara: EZ-ari uko egin.Hitz gaizto horrek proiektuak hasi baino lehen hiltzen ditu: Sukurtsaleko bankariaren espresio hori, programatuta baitago EZ esateko, edozein kreditu edo maileguren eskaeraren aurrean errepikatzeko.Eraikin publiko batean sartzen zarenean eta txandako funtzionarioak "kaixo" esan baino lehen botatzen dizun hitza, errukirik gabe gainera. EZ hitza enprendedore batek, berdin euskaldun batek (irakur ezazu Sortu edo Bildu), entzungo duen hitzik entzunena izango da: ez joan hortik, zure eskaintzak edo proiektuak ez gaitu konbentzitzen, ez zaude bide zuzenean, oraingoan ez dugu aurrekonturik, oraindik ez duzu erakutsi benetan demokratikoa izan zaitezkeenik, aurten ez, ez..., ez...EZ-aren aldeko zaleak dira. Baina gu alergikoak gara, gaixoak haiexek dira. Oso gaixoak, terminalak, gogoz behartsuak. Guri ez digu eragiten birus horri alergia diogulako. Guri hurbildu bezain azkar, gure buruak erreakzionatu eta baztertu edo deuseztatzen du. Gu enprendedoreak gara eta beti aurrera segituko dugu, nahiz eta hamaika aldiz erori eta altxatu behar.EZ-ak ametsak eta ilusioak suntsitzen ditu, asmoak eta aurrerapenak, euskal gizartearen zoriona eta ongizatea. Haiekin ez dugu kutsatu behar, borrokalariak gara eta ez bizkarroiak. Enplegua eta oparotasuna sortuko ditugu baldintza egokiak ematen direnean (Sakanan lantegi asko itxi dituzte, baina aurrera egingo dugu), horrelakoak gara.Gure immunitateak mugak zeharkatzen eta zeharkatuko ditu, zirkunstantziak ematen diren edozein lekutan berriro hastera garamatzan motor bat da.