Udaletxetik bidalitako enegarren gutuna jaso nuen aurreko astean. Edukia eta doinua alde batera utzita, kastillano hutsez idatzirik zegoen, ohi bezala, ai ene! (edo ohi ene)...Aurrekoetan ere, gutunok euskaraz bidaltzeko eskatu izan diet; hitzez lehenik, idatziz ondotik, goxoago, serioago... baina alferrik. Hortaz, gutun publiko baten bidez eskatzea bururatu zait, hauteskunde-kanpainan egonik, horrek ondorio (onik) ekar dezakeelakoan. Esan gabe doa, niretako nahi dudana, Altsasuko beste euskaldun guztiei ere opa diedala.Bide batez, aukera probestuz, beste bizpahiru eskari ere egingo dizkiot Nabai-ri, euskaltzale gisa aurkezten baitu bere burua, UPN-k, PSN-k edo IU-k ez bezala, alegia.Euskara desagertzen ari da Altsasuko paisaiatik. Altsasuarron aiton-aminak desagertzeaz batera, jatorrizko toki izenak ere eurekin galduz doaz, eta euskal izenak beharrean, erdal izenak gailentzen dira.Aiton-aminok gure artetik joatea ezin dugu ekidin, baina Altsasuko larreen, erreken, iturrien edota basoen toki izenak berreskuratzea edo gordetzea oso erraza da. Aski da zenbaitek dagoeneko egindako toponimia-lanak agerian jartzea, bista-bistan egongo liratekeen bide-seinaletan. Horrela izen horiei bizitza luzea emango genieke berriro.Altsasuko Polikiroldegia ere, udalaren ardurapeko eremua da, eta bertan bada errotulazioa bera baino askoz garrantzia handiagoko eremu bat, bozgorailuetatik etenik gabe entzuten den musikarena, alegia.Baina nekez entzun ohi da euskarazko musikarik Altsasuko Polikiroldegian.Tarteka, noiz behinka bai, entzun ahal izango duzu zerbait euskaraz, baina gehien-gehiena, alde handiz, kastillanoz edota ingelesez...Euskarazko musika ERE jartzeko hitzez, idatziz, irribarrez, erreguka, laguntza eskainiz edo haserre plantak eginez eskatu izanagatik ere, udalak jaramonik ez. Eskerrak udal euskaltzalea daukagun! Hortaz, hauteskunde usainaren itzalean, horra berriro ere eskari berbera, publikoki oraingoan: hainbeste kostatzen ote da euskaraz heren bat, kastillanoz beste heren bat eta ingelesez bestea eskaintzea? Azkenik, Iortiako kultur programazioan euskarari ematen zaion lekutxoari begiratu bat ematea ez litzateke gaizki egongo. Portzierto, zinemari ere begiratu balantzea egiteko garaian, mesedez.Besterik ezean, eta eskariok aintzat hartuko dituzuelakoan, jaso agur bero bat.