Sao Felix Do Araguaiako gotzain ohia eta askapenaren teologiaren aldekoa. Dio berak: "Aita Santuak uko egin behar lioke Estatuburu izateari". Vatikanoa "egitura astuna" dela dio Pedro Casaldaligak eta horrek eliza munduan zabaltzea eragozten duela. Galdetu nion artzapezpikutegian D. Fernando Sebastiani nolakoa den Pedro Casaldaliga eta esan zidan: "oso ona eta oso langilea". Batasun bat behar da, bai, baina horrek ez du esan nahi inor baztertu behar denik. Vatikanoa oso eurozentrista izan da, eta ez die tokian tokiko elizei era autonomo eta askean euren bidea egiten utzi. Ez dugu botere politikoa nahi, indar ebangelikoa baizik. Elizbarrutiek iritzia emateko eskubidea dute, euren gotzaina zein izango den erabakitzeko aukera izan behar dute. Sekretismo hori ez da batere ebanjelikoa. Joan Paulo II.ak gizarte gai batzuetan jarrera irekia agertu du. Gerra eta gatazka armatu guztiak gaitzetsi ditu. Munduan gosean daudenen alde ere agertu da. Gizarte gaien inguruko hainbat entziklika ere idatzi ditu. Kanonari eta teologiari dagokionez, oso jarrera itxia izan du. Erromako kuriak askapenaren aldeko teologoak eta erlijio ezberdinen arteko harremanak sustatzeko teologoak zigortu egin ditu. Oso zentralizatzailea izan da eta autoritarioa ere bai. Elizaren batasuna zaintzea izan da bere kezka nagusia. Liturgiak pluralagoa eta eguneratuagoa izan behar du, emakumearen parte-hartzea, hautazko zelibatua apaizen kasuan, homosexualitatea eta ezkontza. Sexualitatearen gaian gauza bat da abortua eta beste gauza bat da jaiotze-tasak kontrolatzeko metodoak. Kontzilio berri baten aldekoa naiz. Laikoen parte-hartzea geroz eta gehiago. Vatikanoko II. Kontzilioa oso ona izan zen, baina errotik moztu zuten Joan Paulo II.aren agintaldian. Jarrera atzerakoia hartu zuten, Vatikanoa ixtekoa. Ekumenismoa elizek elkar onartu behar dute, baina eliza katolikoko hierarkia - Aita Santua, dikasterioak, nuntzioak - traba bat da. Joan Paulo II.ak ez zuen pausu handirik eman. Erlatiboa dena erlatibizatu behar da. Katolikook debekatuta dugu beste eliza ebanjeliko batzuetan jauna hartzea. Ez du zentzurik. Jainkoa bat da, eta erlijioak eta elizak baino gehiago da. Joan Paulo II.ak sufrimendua azkenera arte erakustea ez zait ondo iruditzen, Jainkoak ez du sufrimendua nahi. Jainkoak ez zuen bere semea gurutzera bidali. Mundu honetako injustizien kontra egiteagatik eraman zuten Kristo gurutzera. Norberaren nahiz hurkoaren sufrimendua saihestu egin behar da, ahal den neurrian.