Otsoa gaizto eta txanogorritxo on. Otsoa gaizto eta antxumeak on. Otsoa gaizto eta hiru txerritxoak on. Otso...gaiztoa edo gaixoa? Geure haurtzaroan, lotara joan aurretik, belarrietara iristen zitzaizkigun ipuinek badute eraginik egun errealitateaz egiten dugun irakurketan. Txikitako ipuinek eskema erraz bat baitute jarraitzen: Guztietan argi geratzen da nor den ona eta nor gaiztoa. Nori behar zaion lagundu eta norekin behar duzun hunkitu. Nor behar duzun gorrotatu eta nor nahi duzun desagerrarazi. Txikitan ipuinak ziren, eta orain, urtetxo batzuk pasatu direnean, teleberria da eskema bereko ipuinak kontatzen dizkiguna. Duela aste bat Bin Ladenen hilketaren berri eman ziguten eta beldurrezko pertsonaia batez salbatu izan bagintuzte bezala aurkeztua izan zen. Funtsean, orain lasaiago bizi behar bagina bezala. Azken finean helburua beteta dago: gaiztoa lurpera; otsoari tiro, otsoa sutara, otsoari labankada. Orduan... zein da mezua? Indarkeria bai ala ez? Tortura ez da existitzen, baina parean "gaizto"-ren bat badugu, ahaztu esandako guztia eta jarri poltsa. Teleberriak entzuten ditugunean, ez dugu pentsatzen zer sentitzen ote duten egunero egunero otsotzat aurkezten dizkiguten pertsonaia guzti horiek; zer nahi duten, zerekin amesten duten, zer duten maite... Horrek guztiak inposaturiko "otso" maskara kenduko liekeelako haien gizatasuna azaleraziz. Baina txanogorritxo guztiek otso bat behar dute beren ipuinetan... beraz, umeen modura, entzun ipuina, sinetsi eta kito. Ez, galderarik ez, lotara joateko ordua da eta.