Udal hauteskundeak direla eta EHEk Etxarrin jorratu beharreko hizkuntza politikari buruz geure hausnarketa eta iritzia plazaratu nahiko genuke.Edozein hizkuntzalarik azpimarratzen duen bezala, hizkuntza orok, nagusi edota lehentasunezkoa izango den lurraldeak behar ditu. Hau da, hizkuntzaren trasmisioa eta bizi iraupena ziurtatzeko, hizkuntza horretan biziko den jendartea eduki behar du.Bestalde, gizarte eleanitzetan, beti nagusitzen da hizkuntza bat besteen gainetik, elebitasun orekatua ez da inon ematen. Etxarrin eta Euskal Herrian elebidun bakarrak euskaldunak garelako eta erdarak nagusitasun juridiko politikoa duelako besteak beste, erdara bilakatzen da hizkuntza nagusia gure herrian. Elebitasun politikak beraz, erdara nagusi eta euskara menpeko hizkuntza izatea behartzen du, erdara bilakatuz Euskal Herriko lehentasunezko hizkuntza bakarra.Hori horrela izanik, euskara ziurtatzeko modu bakarra, euskara nagusi duen herriak eta herritarrak dira. Euskara hutsez biziko diren herritar eleanitzak behar ditugu hizkuntzaren geroa bermatzeko. Etxarri bezalako eskualde euskaldunak teoriatik praktikara igarotzeko ardura dugu, euskara hutsez biziko den herria lortu eta babestu behar dugu.Etxarrin, UEMAko irizpideak hartzeko erabakia aspaldi hartu zuen udalak, baina gaia ez du behar besteko ardurarekin landu eta nahiko alboratua utzi du hasieratik.EHEtik, udal berria eratuko duten alderdiei UEMAri lehentasuna eman diezaiotela eskatzen diegu, hainbeste urte pasatu eta gero gaia arduraz eta seriotasunez hartzeko garaia da!Herritarrei aldiz, bozkatzeko garaian, alderdien euskararen inguruko jarrera eta politikak kontuan hartzeko eskatu nahi dizuegu, guztion indar eta konbentzimenduarekin herri hau euskaldunduko dugulako.EGIN DEZAGUN! EUSKARAZ BIZI DEN HERRIA ERAIKI DEZAGUN!!!