ERRAUSKAILURIK EZ

Xanti Begiristain Madotz 2011ko mai. 27a, 00:00

Zaborren kudeaketa ona, garrantzitsua bezain konplexua da.   Gaur egun bizi garen mendebaldeko mundu edota gizarte aurreratu hauetan, gero eta gehiago kontsumitzen da, eta, ondorioz, sortarazten den zabor kopurua ere gero eta handiagoa da, ikaragarri handia da.   Izugarria.   Planetan, dagoeneko, oso arazo larri eta serioa dugu gai honekin.   Nik uste dut, funtsezko gauza batzuk, behintzat, gero eta garbiago daudela.   Alde batetik, mundu osoan saiatu beharko genuke gero eta zabor gutxiago sortarazten.   Nola?   Ba, esate baterako, enbalatzeak, paketatzeak, bilgarriak (plastikoak, paperak, kartoiak, zurak, eta bat eta beste), eta abar sinplifikatuz.   Erosketak egiterakoan, etxetik poltsak, janari-ontziak, e.a. eramanez.   Gero, ahal den eta balio duen guztia, berrerabiliz: poltsak, ontziak, zakutoak, tresnak, jantziak, makinak, botilak...   Jarraian, birziklatu ahal diren zabor eta material guztiak, birziklatuz.   Horretarako, ikertu eta garatu beharko dira hautabide, alternatiba eta aukera guztiak: bereizketa, atez ateko bilketa, bosgarren edukiontzia, konpost egitea, e.a.   Hiri eta herri bakoitzak ikusi beharko du, kasu bakoitzean, zer komeni den eta zein den biderik eraginkorrena.   Azkenik, adituen arabera, ba omen dago zaborren ehuneko jakin bat, ez handiena, birziklatu ezin dena, konparaziora, ospitaleetako material eta hondakin batzuk, produktu kimikoak, medikuntzakoak, farmazietakoak, ikerkuntzakoak, e.a.   Antza denez, horiek erre, besterik ezin omen da egin beroiekin.   Baina, kontuan hartuta, erraustu ondoren, kearen bitartez zabaldu eta hedatu egiten direla, pertsonentzat oso kutsagarriak diren produktu eta gasak, nik pentsatzen dut, erraustegiak jartzekotan, jarri beharko liratekeela pertsonengandik ahal eta urrutien, eta, jakina, enpresek izan beharko lukete publikoak, eta baita beren kudeaketa ere, inork izan ez dezan tentaziorik negoziatzeko pertsonen osasunaren bizkarretik.   Laburbilduz, errauskailuak, ahalik eta gutxien, urruti, publikoak eta baita beren kudeaketa ere.